Aitor eta Galder bi gazte arabarren absoluzioa eskatu eta elkartasuna adierazteko talde argazkia ateratzeko deia egin du Usurbilgo Ernaik larunbat honetan, urtarrilaren 29an, 13:00ean Dema plazan. Gazte antolakundetik gogorarazi dutenez, bi gazteak duela ia hiru urte atxilotu zituen Ertzaintzak Auzitegi Nazionalak aginduta. "Lehergarriak egiteko elementuak gordetzea" egotzi eta sei hilabete izan zituzten preso, epaitu bitartean baldintzapean aske utzi zituzten arte.
Duela urtebete lau urteko espetxe zigorra ezarri zitzaien. Eskaera hura errekurritu zuten eta orain behin betiko epaia jasotzear dira bi gazte arabarrak. Lau urteko espetxealdia ezarri ahal diete, Ernaik ohartarazi duenez. "Bi gazte haien militantzia politikoagatik epaitu nahi dituzte, honen gainean muntaia oso bat egin dutelarik". Gazteok aske uztea eskatzen du Ernaik. "Guk argi diogu, ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko". Testuinguru honetan egin dute larunbateko elkartasun argazkia ateratzeko deialdia.
Duela urtebete lau urteko espetxe zigorraren epaia heldu berritan, frontoian egin zuten mobilizaziokoa da albiste honi atxikitako argazkia. Segidan plazaratu zuten adierazpena:
#ANKERKERIARI STOP
Iritsi da epaia. Berretsi da injustizia; beste behin ere haien errelatora kateatu nahi gaituztenen erabakia. Lau urteko espetxe zigor bana ezarri die mendeku gosez elikatzen den Audientzia Nazionalak Aitorri eta Galderri.
2 urte beteko dira atxiloketak jazo zirenetik. 10 egun Madrileko antzerki makabro hartatik. Duela denbora gehiegi hasi zen prozesu amaigabea, ordea, ez da hemen amaitzen. Bidegabekeria onartezin honen aurrean, eskura ditugun bide guztiak agortu arte jarraituko dugu. Izan errekurtso bidez eremu judizialean, izan elkartasun, babes eta salaketa bidez Euskal Herriko kaleetan. Bien bitartean, baina, Aitorren eta Galderren eguneroko bizitzek baldintzatuta jarraituko dute, auziaren bilakaerak ekar dezakeenaren esperoan. Finean, ANkerkeria amaigabe batean murgildurik.
Justizia deitzen diote, mendekua denean. Anakronikoa dirudien auzi honek agerian utzi du, beste behin, zein den espainiar "justiziaren" izaera eta hau indarrean mantentzeko erabiltzen dituen mekanismoak. Nahikoa dute egiazkotasun-presuntzioa daukaten morroien deklarazio huts bat eta sostengatu ezin izan duten etorkizun handiko ikerketa lerro bat, aspalditik zirriborratuta zeukaten "erabaki" bati sinadura ofiziala jarri ahal izateko.
Epaiak berretsi besterik ez du egiten azken asteetan salatutakoa. Konpromiso eta jardun politikoa izan dela, hain justu, salbuespenezko auzitegian epaitu dutena. Ez da bi gazte arabarren aurkako eraso huts bat, herri oso baten nahiak, desirak eta ametsak zapuztu nahi dituen eraso planifikatua, baizik. Honen aurrean, hartutako bidean berresten gara: elkartasuna eta elkarrekiko babesa. Hori baita herri honek hamarkadetan zehar erakutsitako baliorik handiena.
Gauzak horrela, datozen egunetan zabalduko diren deialdietan parte hartu eta babesteko deia luzatzen dizuegu, tokian toki burutu daitezkeen elkartasun keinuak zabaltzearekin batera.
Orain inoiz baino gehiago... Zuekin gaude!
Ankerkeriari Stop
Aitor eta Galder aske