Dortsalak agortu dituen 10. Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen", asteburuko kirol agendan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 28a, 08:29

Iazko etenaldiaren ostean aurten bai, 10. edizioa ospatu eta ehunka lagunek Andatzan barrena zeharkaldia egin ahalko dute bizikleta gainean urtarrilaren 30ean.

Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen", dortsalak agortuta
Dortsalak agortuta, eta beraz izen ematea itxita dela heldu da Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" proba bezpera hauetara. Igandean, urtarrilaren 30ean ospatuko da, osasun krisialdiak iazko edizioa bertan behera uztera derrigortu ostean. Jada izena emana duten parte hartzaileak 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik Andatzako itzulia mendi bizikleta gainean egitera. Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, proba hau dela eta, itxita egongo da Oxtapeko sarrera ibilgailuen joan etorrirako igande goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00ak arte. "San Inazioko biribilgunetik sartu beharko da herrira", ohartarazi du Udalak.

Futbola Haranen
Urtarrrilak 29, larunbata
10:00 Infantil mutilak: Udarregi Usurbil FT A-Ostadar SKT A
12:00 Kadete mutilak: Usurbil FT A-Arrasate CD A
15:30 Erregionalak,1. Maila: Usurbil FT-Donostiako Kaleren Lagunak
17:45 Preferente neskak: Usurbil FT-Intxurre KKE

Pagazpe, Euskal Pilota Egokituko 12. Gipuzkoako Txapelketan
Mindara, Zarautz eta Zumaia taldeekin batera lehiatuko da Usurbilgo Pagazpe ere larunbat honetan, urtarrilaren 29an Amasan abiatuko den txapelketan. Maiatzera arte luzatu eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako lehiaketa bi modalitateetan jokatuko da. "Batetik, adimen urritasuna duten kirolariena; eta, bestetik, urritasun fisikoa duten kirolariena. Lehendabizikoek paletaz jokatuko dute, teniseko pilotarekin, banaka zein binaka; eta bigarrenek gomazko paletaz, gurpil aulkian".