Odolaren Mintzoa taldekoen lan berriaren aurrerapen bideoklipa sarean

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 28a, 09:07

"Hauskor" izeneko lan berria plazaratzear du Odolaren Mintzoa Usurbilgo musika taldeak. Aurrerapen moduan, otsailaren 19an kontzertu bidez aurkeztuko duten abestien artean bat, "Azkenak" izenekoaren bideoklipa sareratu du taldeak azken orduotan. Albiste honi atxikia duzue.

Odolaren Mintzoa bere lan berria aurkezten hasia da. Aurrerapen moduan, bere "Hauskor" izeneko sortze lan berriko abestietako bat bideoklipean bilakatu eta sareratu du azken orduotan. Albiste honi atxikia duzue. Hainbat gazte usurbildarrez inguratuak ageri dira Luken Arkarazo, Jokin Irastorza, Beñat eta Joanes Txueka. "Kantuaren grabaketan, ohiko taldekideez gain, partaide izan ziren Kaki Arkarazo, Elene Alustiza eta Natali Izagirre", argitu dute.

Ikus-entzunezko lan honen grabaketan parte hartu dute Luis Jambrinak eta Garikoitz Diazek. Jambrinak edizioan eta errealizazioan. Eñaut Pagola eta Pako Agudo aritu dira laguntzaile lanetan.

Bide batez, aipatu baita, bideoklip hau sareratzearekin batera, Odolaren Mintzoak Youtuben duen kanalean entzun eta ikus ditzakezue baita, urteotan sortu izan dituzten beste hainbat bideoklip eta abesti ere. Esteka honetan: Odolaren Mintzoa

Aurkezpena otsailaren 19an, sarean hilaren 10etik aurrera
Azken sortze lanetik lau urtera kantu bilduma berriarekin bueltan datoz Odolaren Mintzoa taldekoak. "Hauskor" izena du, Luken Arkarazo, Jokin Irastorza, Beñat eta Joanes Txueka laukoteak plazaratzear duen egitasmoak. "Ilusio handiz aurkezten dizuegu, mimo handiz prestatu eta landu dugun proiektu berria: HAUSKOR", berri eman du talde usurbildarrak egunotan sare sozialen bidez.

"Etsipenaren Aurka" kaleratu genuenetik 4 urtera" aurkeztuko digute laster, haien laugarren lan berria. "
Lan honen eraikuntza prozesuan gure barne pitzaduretan, arrakaletan igerian ibili gara. Eta hona hemen emaitza, gure barneko zein kanpoko munduko zaurgarritasunez abesten duen kantu bilduma. Hauskorrak garela onartzea ez delako ahultasunaren adierazle, bidean zutik mantentzen garelaren seinalea baizik".

Otsailaren 19an aurkeztekoak dira lan berria. Sarean ordea otsailaren 10etik aurrera izango da entzungai.