Koronabirusa

Egungo neurri murriztaileek indarrean segiko dute otsailaren 13ra arte, covid19 ziurtagiriak ere bai

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 28a, 19:04

Eusko Jaurlaritzaren esanetan "zuhurtziagatik", covid19ari aurre egiteko egungo neurri murriztaileek beste bi astez segiko dute indarrean.

Eusko Jaurlaritzak abenduaren 28an onartu eta martxan jarritako dekretuak azken eguna zuen ostiral honetakoa. Argitzeke zen azken hilabetean indarrean izan diren covid19ari aurre egiteko neurri murriztaileekin zer gertatuko zen. Gaur arratsaldean bildu da LABI-a eta erabakia hartu dute.

Aldaketarik ez. Egun indarrean diren covid19ari aurre egiteko neurri murriztaileek indarrean segiko dute beste bi astez gutxienez, otsailaren 13ra arte. Hala berri eman du Eusko Jaurlaritzak, LABI aholku batzorde teknikoa bildu ostean. Zuhurtziagatik hartu dute erabaki hau osasun sailburu Gotzone Sagarduik adierazi duenez. Kutsaduren kopurua jaisten doala ohartarazi du baina mantsoago, oraindik egunero 5.000 kasutik gora zenbatzen direla zehaztuta. Kasuen gutxitze horretan indarrean diren neurrien eraginkortasuna defendatu du Sagarduik.

Covid19 ziurtagiriaren erabilera ez dute ezabatu 
Ostiral arratsalde honetan bertan kaleratzekoa da dekretua Eusko Jaurlaritza, ohi bezala Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Dekretua argitaratu eta berehala indarrean izango da, aipatu moduan bi astez, otsailaren 13ra arte gutxienez. Neurriok luzatzeko erabakia EAE-ko Auzitegi Nagusira helarazi duela berri eman du osasun sailburuak.

Neurri murriztaileen artean asteotan ika-mika anitz eragin dituen covid19 ziurtagiria legoke. Orain arte bezala, leku itxi gehienetara sartzeko eskatzea derrigortzen segi nahi du Eusko Jaurlaritzak, ostiral arratsalde honetan bertan Gotzone Sagardui osasun sailburuak berri eman duenez. Denbora gehiagoz ziurtagiria eskatzen eta erakusten jarraitzea komenigarritzat jo du. Honenbestez, kultur areto, kirol instalakuntza edota ostalaritza establezimendu itxi gehienetara sartzeko eskatzen segi ahalko digute covid19 ziurtagiria; ostalaritza guneetan, kultur nahiz kirol instalakuntzetan, espetxe edota ospitaleetan bisitariei... Dekretu berri honek gainera hotel eta ostatuetan nahiz jolas- eta apustu-etxeetan ere galdegitea derrigorrezkoa izango dela zehazten du, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

"Muturreko transmisioa"
Ziurtagiriaren erabilera defendatu nahi izan du Sagarduik. Bere esanetan, txertaketa sustatzeko baliagarria izaten ari da. Gogorarazi duenez, covid19-a izateagatik ospitaleratuen artean gehienak, %70 txertatu gabekoak dira. Txertoen eraginkortasuna defendatu du gaixotu larrien, ospitalizazioen eta heriotzen kopurua murrizteko.  Herrialde askotan formula bera baliatzen ari direla gaineratu du, eta horrek immunitate kolektiboa indartzen duela, birusaren transmisio arriskua jaistearekin batera.

Une honetan, "muturreko transmisioa" bizitzen ari garela ohartarazi du Jaurlaritzak. Azken 24 orduotako datuak jarri ditu adibide moduan. 14 eguneko 100.000 biztanleko koronabirusaren intzidentzia 3399,72koa da EAE-n, "atzo baino 152 puntu gutxiagokoa". Aldiz, koxkatxo bat gorantz egin du 7 eguneko intzidentziak; 1588,66an da, "atzo baino 2,3 puntu gehiago". Birsortze tasa 0,97an da. 642 pertsona daude ospitaleratuak, 99 daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ZIU-etan.