Koronabirusa

Eskola Kirola martxan berriz, gainerakoan orain arteko neurri murriztaileak indarrean

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 28a, 18:21

Azken asteotako neurri murriztaileek indarrean segiko dute otsailaren 13ra arte gutxienez. Hala erabaki eta jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak ostiral arratsalde honetan, LABI-a bildu ostean. Aldaketa bakarra izango dugu: hainbat erakunde eta eragileek azken aldian eskatu moduan, Eskola Kiroleko lehiaketak berriz jokoan izango dira asteburutik aurrera.

LABI-ak ostiral arratsalde honetan erabakitakoaren berri emateko Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Gotzone Sagarduik egindako agerraldian egungo neurri murriztaileei beste bi astez, otsailaren 13ra arte eutsiko zaiela adierazi du. Zehaztu ez duen aldaketa bat izango da ordea; ez du aipamenik egin hilabete hasieratik etenda egon diren Eskola Kiroleko lehiaketei buruz. Eta hauxe da momentuz, hurrengo hamabostaldira begira eta osasun krisialdiaren testuinguruan indarrean diren neurri murriztaileen artean ezabatuko den bakarra. 

Azken asteotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herri eragile anitzek nahiz erakunde hainbatek txapelketok berreskuratzea galdegin dute; tartean, Usurbilgo haur, guraso, kirol talde eta herritarrek, "Jolasa osasuna da! Haurren aurkako debeku gehiagorik ez" aldarripean, urtarrilaren 15ean Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratzean. 

Orain arte neurri berak
Eta azkenean asteburutik aurrera berriz martxan izango dira txapelketok. Gainerakoan aldaketarik ez. Azken asteotan bezala, jardueren nahiz ostalaritza zein merkataritza establezimenduek goizaldeko 1:00erako itxi beharko dute. Garraio zerbitzuak goizaldeko 2:00etan etengo dira. Gune itxietako edukierak %60ra murriztua egoten segiko du. Hala, ekitaldietan gehienez 600 pertsona bildu ahalko dira barrualdean, 800 kanpoan. 1.600-5.000 lagunentzako eremuetan, gehienez 800 barnean eta 1.200 kanpoan. 5.000tik gorakoetan gehienez %50era mugatuko da edukiera. 

Ostalaritza establezimenduei dagokienez, jatetxe eta tabernetan, gazte lokal, txoko eta elkarte gastronomikoetan, diskoteketan nahiz gaueko aisialdiko guneetan zutik kontsumitzeak debekatua egoten segiko du. Mahaietan gehienez 10 laguneko taldeak eseri ahalko dira; 1,5 metroko distantzia bermatu beharko da mahaien artean. 

Kirol jarduerei dagokienez, Eskola Kirola bai martxan izango da asteburu honetatik aurrera, nahiz Eusko Jaurlaritzak gaurko agerraldian aipatu ere ez duen egin. Gainerakoan, kirol instalakuntzetan, barrualdean gehienez hamarreko taldeetan egin ahalko dira kirol jarduerak, aldagelen erabilerak %50ekoa izaten segiko du eta dutxak banaka erabili beharko dira, pertsonen artean bi metroko distantzia bermatuta.