Presoen osasunerako eta komunikazioak berreskuratzeko eskubidea bermatzea eskatu dute Sareren mobilizazioan

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 28a, 20:32

Francisco Jose Ramada presoa eta bera bezala gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso aske uztea eskatu dute Sarek deituta, ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. Presoek osasunerako duten eskubidea eta komunikazioak berreskuratzekoa bermatzea galdegin dute.

"Osasunerako eskubidea eta komunikazioak berreskuratzeko eskubidea" izan dituzte hizpide oraingoan, hilero moduan euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde Sarek ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean. Bi eskubideok bermatzeko betetzeke dauden eta bermatzea ezinbestekotzat jotzen dituzten eskaeren zerrenda plazaratu du Sarek elkarretaratze honetan. "Antigenoen miaketa masiboak eta ohikoak presoentzat; koarentenetarako espazio nahikoak egokitzea; gutxienez telefonoz komunikatzen jarraitu ahal izatea hori gertatzen denean; egin ezin diren bisak berreskuratzea; eta, batez ere, espetxearen alternatibak askatasunaren ikuspegitik; gaixorik dauden presoak aske uztea, hirugarren graduak, eta zaurgarrienetatik haratago, presoak aske uztea da eskatzen duguna; izan ere, euskal preso askok zigorraren zati handi bat bete dute dagoeneko, eta justizia arrunta aplikatuta, aste irten beharko lukete".

Tartean, Francisco Jose Ramadak eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso politikoek. "Kondena luzeek eragindako narriadura fisikoak eta espetxeko bizitzak kalte nabaria egin diote kolektibo honen osasunari, gainera, bataz besteko adina nabarmen igo da. Honi gehitu behar zaio azken urteotan koronabirusak espetxeetako osasun-baldintzak are gehiago okertu dituela". Eta komunikazio eskubidea urratu dela. "Bada garaia eskubide hori berreskuratzekoa, familia-lotura modu humanizatuan mantentzekoa; gure senide presoak bi urtez berrogeialdietan, komunikazioak eten eta hauek gabe, bi urtez besarkadarik gabe, kontakturik gabe egon baitira".