"Aitor eta Galder aske! Euskal gazteria aurrera!" aldarripean batu dira larunbat eguerdi honetan Dema plazan Usurbilgo Ernaik deituta, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren absoluzioa eskatzeko eta biei elkartasuna adierazteko. Edozein uneetan jaso dezaketen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain dira bi gazteok. Dema plazan batutakoek argi dute, "gazteok ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko".
Argi dute baita, "ez dela soilik bi euskal gazte militante konprometituren kontrako erasoa, baizik eta bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den Herri baten kontrakoa". Segidan duzue Dema plazan irakurri duten adierazpena osorik.
Agerraldi honen bezperan, Aitor eta Galder aste uztea eskatzearen aldeko zenbait pankarta jarri zituela adierazi dio NOAUA!ri Usurbilgo Ernaik. Baina pankartak jarri orduko kendu zizkietela. "Ernaitik Ertzaintzari exijitu nahi diogu errespeta dezan adierazpen askatasuna. Ez da lehen aldia gure herrira etorri eta gure aldarriak kentzen dituztela".
ERNAIREN ADIERAZPENA
Ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko! Aitor eta Galder aske
2019ko otsailaren 7an Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteiz eta Amurrion. Kartzelaratuak izan eta urte bereko udaran baldintzapeko askatasunean atera ziren, 6.000 euroko bermea ordaindu ondoren. PNVren gertukoa izendatzen den Ertzaintza izan zen ikerketa abiarazi zuena, polizia politikoaren papera aski ondo betez: militantzia politikoaren kriminalizazioan oinarrituriko informeak aurkeztuz edota epaiketa bera aurreko fase politikoan kokatzeko egindako ahaleginetan ikusi dugun moduan. Anakronikoa dirudi, ezta?
2021eko urtarrilaren 21 eta 22an Espainiako Auzitegi Nazionalean ospatutako epaiketan 4 urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zieten. Abokatuek eta fiskalak errekurtsoa jarri ostean, une honetan askatasunean daude, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain. Ankerkeriari Stop! plataformatik argi esan duten bezala: haien espetxeratzea bihar izan daiteke.
Injustizian oinarrituriko espainiar makinaria errepresiboaren erasoa jasan behar izan dugu berriz ere. Argi daukagu ez dela soilik bi euskal gazte militante konprometituren kontrako erasoa, baizik eta bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den Herri baten kontrakoa. Errezeta zaharren bidez, gaurko Euskal Herria eraikitzen ari garenon kontrako eraso moduan ulertu behar dugu.
Baina gazte antolakuntza eta borroka independentista ez dute salbuespenezko tribunalekin gelditzea lortuko. Gazteok ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartuko. Aitor eta Galderren ondoan gaude eta begi egongo gara. Herri honetan elkartasuna zer den ondo dakigu eta egoera hau salatzen jarraituko dugu! Hortaz, gaurdanik presta gaitezen etor daitekeenari erantzuteko, biharko Euskal Herri euskaldun, sozialista eta feminista gaurko borrokaren bidez eraikiko baitugu.
Gora euskal gazteria!
Aitor eta Galder aske!
Ernai