Gogotsu hartu dute txirrindulariek Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probaren itzulera

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 30a, 09:27

Bi urteren ostean, dortsalak agortuta eta berriz ere proba honetaz gozatzeko gogoz abiatu dira parte hartzaileak 9:00etan Mikel Laboa plazatik Andatzarantz.

Mendiko txirrindularitza zaletuen plaza izatera itzuli da Usurbil bi urteren ostean. Oraingoan bai, edizio borobilena ospatu ahal izan dute. Dortsalak duela bi aste agortu zituen 10. Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" proba bueltan da gaurkoan, osasun krisialdiak iazko hitzordua bertan behera uztera behartu ostean.

Proba izenburuari gorazarre eginez itzuli da gainera; gradu gutxi batzuk baino ez genituen goizeko 8:30ak aldera parte hartzaileak irteera gunera, Mikel Laboa plazara hurbiltzen hasi direnean. Guztira ia 500 bat lagun, tartean ohi bezala, hutsik egiten ez duen herri ordezkaritza.

Osasun krisialdia oraindik atzean utzi ez dugun seinale, musukoen presentzia nabarmena, baina Andatzako itzulia emateko gogotsu guztiak. Frontoi inguruan hasi eta amaituko den proban bi ibilbide ezberdin osatzeko aukera izango dute txirrindulariek.

Eguerdia baino lehen bueltan izango dira, nor bere erritmoan, Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" ez baita proba lehiakorra, lagun artean inguruoz gozatzeko hitzordua baizik.