Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" izeneko egitasmoaren baitan, "Gauak zuri Usurbilen" izeneko sortze lana ondu du Itxaro Borda idazle baionarrak udalerri honetan bertan iazko uztailean egin zuen egonalditik. Euskal kultura eta sorkuntza bultzatzea helburu duen proiektuaren baitan ipuinak, film laburrak eta antzezlan hainbat sortu dituzte euskaraz beste hainbeste norbanako zein talde ezberdinek.
Landutakoa aurkezteko ordua heldu da orain. Usurbilen zenbait hitzordu izango ditugu hurrengo asteotan. Batetik, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren "Bidaide" antzezlana ezagutzeko aukera izan genuen urtarrilaren 22an. Otsailaren 2an, Itxaro Bordak Usurbilen bertan bideraturiko sortze lana aurkeztuko du baita. Ekitaldian gainera, Bordaren zein gainerako idazleen ipuinen bilduma lana, "Hamazpigarrenean aidanez" izenekoa aurkeztuko da. Bilduma horretako sortze lanen artean dira bi herritarrenak; Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirrerenak. "Sorkuntza-lanaz, euskal kulturaz eta literaturaz aritzeko saioa izango da. Lide Hernandok gidatuko du", iragarri du Usurbilgo Udalak.
Girotzen hasteko Sutegi udal liburutegitik iragarri dutenez, Bordaren sortze lana bertan eskura daiteke. "Sormen lana laburra da, 40 orrialde ditu eta Sutegi liburutegira gerturatzen bazara, ale bat emango dizugu; horrela, saiora etortzeko asmorik izango bazenu, ipuina aldez aurretik irakurrita "doble" gozatuko zenuke", adierazi dute udal liburutegikoek sare sozialen bidez.
"Sexberdinak"
Azkenik, otsailaren 27an Ttanttakakoen "Sexberdinak" antzezlanaz gozatzeko aukera izango da. Otsailaren 2an jarriko dituzte sarrerak salgai usurbilkultura.eus plataforman.
"Geuretik Sortuak"
Otsailak 2, asteazkena
19:00 Literatur solasaldia Itxaro Bordarekin Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Geuretik Sortuak proiektuak euskara hutsean egindako "artearen eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena" sustatu ditu. Euskal Herriko herri ugarik hauspotu dute, tartean, Usurbilek. Literatura, zinea eta antzerkigintza izan dira jorratutako diziplinak. Itxaro Bordak Usurbilen egin zuen sorkuntzarako egonaldia, eta hari eskaini ondutako ipuina. Borda eta ekimenean parte hartutako gainerako idazleen ipuinak bildu dituen lana aurkeztuko dute orain: "Hamazazpigarrenean aidanez". Hura aurkezteko gurean izango dugu Itxaro Borda bera. Sorkuntza-lanaz, euskal kulturaz eta literaturaz aritzeko saioa izango da. Lide Hernandok gidatuko du".
Izen ematea: doan usurbilkultura.eus plataforman, urtarrilaren 31ra arte. 93 lagunentzako tokia egongo da.
Otsailak 27, igandea
19:00 Ttanttaka Teatroaren "Sexberdinak" antzezlana Oiardo Kiroldegian.
Zehaztasunak: "Anaren bihotza logela huts bat omen da. Nicok berea tatuatu egin nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Beno, duela hiru urte gertatu zen hau, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dugu kontatzera datozena; maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak aztergai. Garun-paralisia duen kazetariak eta kontraesanetan erdi ittota dabilen gozoki-saltzaileak, beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta".
Zuzendaria: Mireia Gabilondo.
Aktoreak: Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia.
Edukiera: 70 lagun.
Izen ematea: sarrerak otsailaren 2an 9:00etatik aurrera usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Udalbiltza.