Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoa garatzen hastera doa Usurbilgo Udala, herritarrekin eta eragileekin batera bideratu nahi duen parte hartze prozesuarekin. Prozesuaren nondik norakoak aurkeztu dituzte astelehen arratsalde honetan Potxoenean, "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" aldarripean. "Herritar guztiak gonbidatu nahi genituzke modu batean edo bestean prozesuan parte hartzera", adierazi du Beñat Larrañaga zinegotziak, "denon laguntzarekin jarduera fisikoaren eta kirolaren alorrean Usurbilen hartu nahi den norabidea finkatu nahi dugulako". Eta "kirola eta jarduera fisikoaren onurak ukaezinak" izanik gaurko agerraldian gogorarazten zuten moduan, "aktiboak diren herritarrak horretan jarrai dezaten eta inaktiboak direnak aktibatzen hasi nahi dugu". Hortik, egitasmoaren leloa; "aktibatzen".
Parte hartzeko hainbat bide zabalduko ditu Udalak. Prozesua kirol alorreko aholkulari Juanma Muruak dinamizatuko du. "Eskarmentu handia du gisa honetako lanketetan. Bereziki jarduera fisikoa eta kirola ulertzeko duen ikuspegi integrala izan zen berarekin elkarlanean hasteko arrazoi nagusia. Guretzako plazerra da berarekin ibilbide hau jorratzea eta herriak dituen beharrak identifikatzen lagunduko digula espero dugu", adierazi du Larrañagak.
Talde eragilea
Egunotan zabalduko den prozesuaren baitan, galdetegi bat betetzeko aukera egongo da otsailaren 7tik 18ra. Hainbat saio egingo dituzte Usurbilgo Udaleko sail ezberdinekin edota kirol elkarteekin, lehenengoa astearte honetan bertan. Lau saio egitekoak dira hurrengo hilabeteotan; bi herritarrekin, beste bi talde eragilearekin. Hausnartu nahiz proposatzeko aukera izango da, "herritar guztiak parte hartzera animatzen ditugu. Guztion iritzia interesatzen zaigu, bai pertsona aktiboena kirolarekiko duten ikuspegia jasotzeko zein inaktiboen iritziak ere; zergatik ez diren hain aktiboak, ze oztopo aurkitzen dituzten...", Muruak argitu duenez.
Plan honen ildo estrategikoak definitzen lagunduko duen hausnarketarako talde eragilea osatu dute. "Kirolean erreferenteak diren pertsonak identifikatu ditugu Usurbilen", azaldu du Muruak. Sei herritar aditu eta arituok osatuko dute bilgunea; Josune Iparragirrek, Iban Maritxalarrek, Ana Errastik, Jon Mikel Azpiazuk, Oidui Usabiagak eta gaurko agerraldian parte hartu duen Uxue Fernandez Lasak. Udaletik gonbita jasotakoan, "asko pentsatu gabe eman genion baiezkoa ilusioz eta arduraz". Aritu ikuspegia bai, baina "herritar aritu izan gaitezkeela azpimarratu nahi nuke", zioen Fernandezek, "aritu esperientzia oso desberdinak bizi izan ditugulako jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan". Talde eragileko kide batzuk hezkuntza munduan, beste batzuk federazio edota klubetan kudeatzaile gisa dabiltzala. Talde anitza. "Badira auzoetako testuingurua oso ondo ezagutzen dutenak, Usurbilgoa bertakoa ere bai", edota kanpotik "bestelako eredu batzuk ekar ditzakegu" baita. Abiapuntu eta kanpo begirada horretan oinarrituta, "eta hortik egiten saiatu nahi genuke".
"Herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu"
Jarduera fisikoa eta kirola modu "zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" eta erronka berriei heltzeko bideratu nahi dute hausnarketa kolektiboa; "ondo egiten dena indartu eta herri bezala ditugun hutsuneak eta gabeziak antzemateko ordua da. Kolektibo ezberdinen beharrak entzun eta ahal ditugun herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu. Gure erronka ikuspegi zabal eta inklusibo bat garatuko duen kirol politika bat diseinatzea izango da, izan jaioberri edo adinekoentzako, edozein dela ere norberaren generoa edo sexu orientazioa, non arrakala sozioekonomikoa ez den oztopo izango eta euskarazko eskaintza anitza izango dituen ardatz".
Elkarlanaren bidetik
2020ko otsailean lehen urratsak ematen hasi ostean, bizi dugun osasun krisialdiak atzerarazi duen beste egitasmo bat da honakoa. Ordutik honako bidea "ez da erraza izan", Larrañagak oroitarazi duenez. Murrizketa eta debeku anitzei aurre egin beharrean aurkitu direla gogorarazi du eta ez direla garai bateko jarduerara itzuli. "Gaur egun oraindik ere Kiroldegiko funtzionamendua baldintzatua dugu eta araudi aldaketak etengabekoak dira". Baita kirol taldeen dinamiketan ere; gogora ekarri du, hilabete honetan zehar debekatuak egon direla Eskola Kiroleko lehiaketak, "neurri zentzugabea" udal gobernu taldeko kidearen esanetan.
Bi urteotako bidearen beste alderdia ere gogora ekarri nahi izan du Larrañagak. "Udalean lanean jarraitu dugu; hala nola herriko kirol elkarteekin elkarlanean, kirol instalazioetan hainbat inbertsio eta hobekuntza eginez eta jarduera fisikoa modu zabal batean ulertu eta lantzeko urratsak eman ditugu". Eta orain, sektore honetako plana garatzeko hausnarketarako tartea hartzera doaz.
Prozesuaren egutegia
-Otsailak 7-18: galdetegia.
-Otsaila: Klubekin bilerak.
-Martxoa: bilera irekiak.
-Apirila: talde eragilearen bilerak.
Informazio gehiagorako eta ekarpenak online egiteko aukera hemen:
usurbil.eus/aktibatzen