Koronabirusa

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu covid19 ziurtagiria erabiltzen segitzea

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 1a, 13:09

Ez du baimendu Eusko Jaurlaritzak otsailaren 13ra arte covid19 ziurtagiria erabiltzen segitzeko hartutako erabakia, ezta erabilera eremu gehiagotara zabaltzekoa ere.

Ezetz esan dio EAE-ko Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzari. Gasteizko gobernuak covid19 ziurtagiriaren erabilera gutxienez otsailaren 13ra arte luzatzeko hartutako erabakiaren aurka agertu da aipatu epaitegia eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 14an onartu eta indarrean jarritako dekretua bertan behera utzi du. Dekretu honek covid19 ziurtagiria leku itxi gehienetan eskatzeko derrigortasuna ezarri zuen. Ordura arte soilik, gaueko aisialdi eremuetan eta 50 bezerotik gorako jatetxeetan eska zezaketen. Berriz egoera horretara itzuliak gara beraz, EAE-ko Auzitegi Nagusiak hartu berri duen erabakiaren eraginez.

Astearte honetatik aurrera beraz, 50 bezerotik gorako jatetxeetan edota gaueko aisialdi eremuetan baino ezingo dute eskatu covid19 ziurtagiria, gainerako eremuetan ez. Eusko Jaurlaritzak aipatu ziurtagiriaren erabilera beste bi astez erabiltzeko iragan aste amaieran EAE-ko Auzitegi Nagusiari eginiko eskaera atzera bota du.

Gauerditik beraz indargabetua dago neurri hau. Atzora arte, gune guztiotan eska zezaketen covid19 ziurtagiria:

1.– Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten direnean.

2.– Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.

3.– Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.

4.– Kirol-instalazio itxiak, hala nola, estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak, eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.

5.– Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.