22. Korrikaren elementu preziatuena ziurrenik, abiapuntutik helmugara barruan mezu sekretua eraman eta Euskal Herri osman barrena eskuz esku ibili ohi den lekukoa izango da ziurrenik. Lekukoa eramateko ohorea eskurago izan dezakegu gaurtik; astearte honetan, otsailaren 1ean zabaldu baita ibilbideko kilometroak erosteko aukera. Historikoki Usurbilen herri eragile (talde, elkarte...) eta erakundeek egin ohi dituzte kilometro erreserbak, baita lantegiek, ikastetxeek, lagun koadrilaren batek...
Aipatu moduan, erreserbak AEK bidez bidera daitezke gaurtik. Abenduaz geroztik salgai dute Etumeta AEK euskaltegian hain zuzen, 22. Korrikaren aldeko materiala; arropa salgai duzue Etumeta AEK euskaltegian; tamaina eta kolore ezberdinetako kamisetak, biserak, giltzarrapoak... Online bidez ere eskura dezakezue korrika.eus atarian. Zenbatu gabeko petoak ere eskuratzeko moduan gara. Zenbakidunak soilik lekukoa hartuko dutenek eraman ahalko dituzte, aurrez Korrikaren ibilbideko zati bat erostea erabaki dutenek hain zuzen.
Apirilaren 8an
Apirilaren 8an, ostiral goizaldeko 6:26 aldera helduko da euskararen aldeko lasterketa geure artera. Aginagako Mapiletik sartuko da, N-634 errepidetik barrena Usurbilera iritsi eta Kaxkoari itzulia emango dio. Handik Santueneara eta Zubietara joko du gero. Mapilen hartutako lekukoa Zubietako hipodromoan emango dio udalerri honek Lasarte-Oriari.
Etumeta AEK euskaltegiarekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es
"Hitzekin"
"Hitzekin" da 22. ediziorako hautatu duten leloa, "euskara HITZetik EKINtzetara eramateko unea delako", antolatzaile lanak bideratzen ari den AEK-ren esanetan. Are gehiago, bizi dugun testuinguruan. "AEKn jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea".
Korrikak oraingoan Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu, "beren ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik".
Xehetasun gehiago korrika.eus atarian jaso ditzakezue.