#udalbatzarra

Bake-epailea eta ordezkoa hautatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 1a, 09:21

Berrosatuta geratu da bake-epaitegiko lan taldea, udalbatzak bake-epaile titularra eta ordezkoa hautatu ostean.

Udazkenean abiaturiko prozedura borobildu zuen udalbatzak iragan urtarrilaren 27ko osoko bilkuran. Modu honetan bake-epaitegiko lan taldea berrosatua geratu da. Bake-epaile titularra eta ordezkoa hautatu ditu Udalak, aho bateko babesa eman zioten udal ordezkariek hautaketari aurreko osteguneko udalbatzarrean.

Lau urtero, bake-epaile titularra eta ordezkoa hautatu behar izaten dira. 2021-25 tarterako hautaketa prozesua abiatzea onartu zuen udalbatzak aho batez, urriaren 28ko osoko bilkuran. Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, hautagaitzak aurkezteko hilabeteko tartea zabaldu zen.

Eskaerak aurkezteko epea igaro ostean, Udalak ohartarazia zuenez, "Udalbatzak eskaera aurkeztu dutenen artean bake epaile titularra eta ordezkoa aukeratuko ditu, betiere ezarritako legezko betebeharrak betetzen badituzte. Eskaerarik ez badago, Udalbaltzak askatasunez aukeratuko ditu bake epaile titularra eta ordezkoa, prozeduraren baldintza berberen arabera, eta erabakiaren berri emango dio eskumena duen Jurisdikzio Organoari".

Ez da halakorik gertatu, bi hautagai aurkeztu ziren deialdira. Hautagaietako bat, “beste inor ez bazen” jarraitzeko prestasuna adierazi duen egungo bake epaile titularra izan zen, Agustin Esnaola Etxabe. Berak segiko du lanean bake epaile titular gisa, ordezkoa aldiz, deialdira aurkezturiko bigarren hautagaia izango da, Joana Murray Barandika. Hautaketa hauei aho bateko babesa eman zieten udal ordezkariek iragan asteko osoko bilkuran.

Deialdi honi buruzko informazio gehiago, azaroaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.