"Geuretik Sortuak"

Yolanda Arrietaren eta Ugaitz Agirreren sortze lanak, Udalbiltzaren "Hamazazpigarrenean Aidanez" bilduman

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 2a, 09:15

Euskal sorkuntza sustatzea helburu zuen Usurbilgo Udala kide duen Udalbiltzak sustatutako "Geuretik Sortuak" egitasmoan hainbat ipuin, antzezlan eta film labur ekoitzi dituzte azken urtean beste hainbeste euskal sortzaileek, haien ohiko bizilekutik kanpo Euskal Herriko txoko desberdinetan egin dituzten egonaldietan. Usurbilen izan genuen iazko uztailean Itxaro Borda idazle baionarra. “Gauak zuri Usurbilen” izeneko lana ondu du. Asteazken honetan, otsailaren 2an aurkeztuko du 19:00etan Sutegin. Ekitaldirako izena aurrez bidera daiteke usurbilkultura.eus plataforman. Bere idazlana eta gainerakoen bilduma, “Hamazazpigarrenean aidanez” izenekoa ere aurkeztuko dute Lide Hernandok gidatuko duen solasaldian. Bilduma horretan daude baita lerrootako elkarrizketatuen sortze lanak ere. Ugaitz Agirrek Artziniegako egonaldian landu zuena eta Yolanda Arrietak Etxarrin sortutakoa. 

Yolanda Arrieta: “Oso irekita joan nintzen, bidaiari moduan ez turista moduan”
Zer nolakoa izan da Etxarriko esperientzia?
Yolanda Arrieta:
Udaberrian astebetetxo bat egin nuen. Aurretik pare bat bider joan nintzen bertako jendearekin hitz egitera eta gero han egongo nintzen egunetan hartuemanak adostu nituen ikastetxeekin eta zenbait informatzailerekin. Nire asmoa han aurkitzen nuen horrekin zatitxo desberdinak idaztea zen, horregatik izena du “Estekak”. Azken batean bidaiari moduan zoaz eta adi-adi zaude zer ote dagoen herri horretan.  Hor jasotzen dituzun guztiak elkar lotuak dauden estekak baino ez dira.

“Estekak” izena du beraz zure sortze lanak.
Estekak ere batzuetan ateak dira Interneten zabaltzen zaizkigun informazio atariak. Beraz loturak badaude baina ateak ere badira. Izenburu irekia zela iruditu zitzaidan, azken batean ez nuelako ideia itxi batekin joan nahi, ez nekielako han zer aurkituko nuen. Eta zatika idazte hori atsegin dut, askatasuna ematen didalako eta nire izaera halakoa delako pixka bat. Lehenengo intuizioz jaso eta jasotzen dudan horri loturak bilatu; eta horixe egin nuen. Atera zaidana da han egon nintzen denborako halako testu puzzle bat eta puzle horretan estekatzen dira bidaiaria, eta bidaiariak ikusten duena eta ikusten duen horretan pertsonaiak, ahotsak daude. Ez da kronika bat, badu poesiatik, baina badu fikziotik ere. Badaude ipuinetako, filmetako nahiz historiako pertsonaiak, denak bertan kokatuta. Espazio aldetik plaza ingurua, basoa, eta gero herriaren inguruan dauden bide desberdinak nabarmentzen ditut.

Bidaia honek zer irakatsi dizu?
Oso irekita joan nintzen, bidaiari moduan ez turista moduan. Proiektua aurkeztu nuenean ere nire asmoa zen herrira joan eta zentzumenak adi bertan igarotzea egunak, bertako oinarrizko guneak antzeman eta herrian mugitzen den jendearengana hurbiltzea. Ikasi nuen hori metodo ona dela leku bat ezagutzeko.

Esperientzia honek zer izan du berritzailetik?
Irekiago joan naiz. Beste proiektuetan egonaldiak egin izan ditudanean, joan izan naiz eskuartean nuen proiektua bukatzera. Kasu honetan joan naiz, sortzera, hastera. Ikasi dut bere denbora behar duela sormen prozesuak ere. Uste nuen hantxe bertan egingo nuela zirriborrorik handiena baina han egin nuena izan zen informazioa jaso. Baina hori zen osagaia, gero ahots desberdinak topatzea, loturak bilatzea zetorren. Hori Usurbilen egin nuen.

Emaitzarekin pozik?
Emaitzarekin eta bidaiarekin. Iruditzen zait ideia ona dela, sortzaileok jendearekin nahastea eta herri batean denbora bat igarotzea, eta joatea hara azaltzera jendeari zertara goazen, informazioa jasotzea haiengandik. Nahasketa hori oso interesgarria da bai guretzat bai beraientzat ere, ikusteko gu pertsona normalak garela. Iruditzen zait, gure lana duintzeko normalitate batean ere sartu beharra dagoela.

Sorkuntza prozesua plazara gerturatzen du?
Polita da nola ibili garen beraiengandik gauzak entzuten. Azkenean pertsonaiak pertsonen bizipen, amets, oroitzapenetan eraikitzen ditugu. Hori galdetzea beraientzat arraroa da, orduan konturatzen dira sormenak asko duela bizitzatik. Dena. Eta gero berriro egiten duguna guk beste modu batean kontatu berriro ere herrira bueltatzeko eta horrekin hausnartu eta erreparatu egiten diogula etenik gabe igarotzen ari den bizitza deitzen diogun ahu. Iruditzen zait polita dela tarte bat ematen duelako geure buruaz hitz egiteko, bizi dugun lekuei buruz hitz egiteko. Emaitzak ere aurkeztuz, bitartean denbora guztian ari gara euskaraz sortzen, hitz egiten, kontatzen eta horrek euskararen imaginarioa handitu, elikatu egiten du. Uste dut egiten jarraitu beharreko gauza bat dela.

Kontatutakoa kontatzeko garaia dator orain. Nondik nora sortze lan hau aurkezten?
Etxarrin otsailaren 3an eta martxoaren 3an Hernanin irakurketa dramatizatua bertako musika eskolakoekin.

Proiektu gehiago izango dituzu eskuartean? Pandemia aurreko martxa berreskuratzen goaz?
Beste garai bat bizi dugu. Nik aurrera begiratzen dut. Bi urteotan malguagoa izaten ikasi dut eta daukadanetik nahi dudan horretara joaten. Idazten jarraitzen dut. “Zerak” testu laburren liburutxoa udazkenean atera nuen eta hori mugitzen dabil. Azokarako joango den beste proiektu handi batean ari naiz, ipuinak moldatzen. Haur literaturako beste ipuin batekin ari naiz. Eta bizimodua ateratzen jarraitzeko idazketa tailer asko eskaintzen eta Foru Aldundiaren “kultura eskolan” ere parte hartzen nabil.


________________________________________________________________________________________________________________

“Lan egiteko modua esperientzia berri bat izan da”
Zein da zeure sortze lanaren abiapuntua?
Ugaitz Agirre:
Artziniegan kokaturiko lapurreta bat. Artziniegako historia, gaur egungo gizartea edo dauden talde desberdinak identifikatu eta horiekin pixka bat jolastea nahi nuen. Egonaldia hiru zatitan egin nuen. 

Egonaldiak buruan zenuen ideia aldarazi zuen?
Kokatu eta irudimena libre uztea izan da egin dudana. Ideia gauzatzea sinplea izan da, batzuetan idazten jarrita gehiago kostatzen zen.

Emaitzarekin pozik zara?
Azken uneraino, entrega data amaieraraino aritu nintzen idazten eta zuzentzen. Lan egiteko modua esperientzia berri bat izan da. 

Zer neurritan izan da desberdina aurreko sormen lanetatik?
Google maps erabiltzen nuen aurreko sormen lanetan, ezagutzen ez nituen tokiak aurkitzeko. Kasu honetan, Artziniegan bertan nintzen, mugimendua bera lehen pertsonan ezagutzen duzu. Dokumental batean kamerak une batean grabatu dezakeena ikus dezakezu. Artziniegan errealitatean bertan bizi nintzen. 

Sortzailea sormen lanean gehiago murgiltzeko aukera beraz.
Zu sartzen zara besteen habitat batean, beraz eragingo duzu bai edo bai.

Behatze lana izan zen Artziniegakoa.
Eszena hau hala non irudikatu, herriko jarrerak, zer gauza dauden, tokiak ezagutu, natur eremuak, argazkiak atera...


Proiektua zenbateraino egokitu da Artziniegara edo alderantzizkoa gertatu zaizu?
Hasiera nahiko sinplea zen, Artziniegan kokatu behar nuen istorioa. Artziniegako jendea nora joan zen emigratzera begiratzen egon nintzen. Mexikora dezente. Hori nola kokatu Artziniegan, handik alde egin izana. Protagonista euskal jatorriko latinoamerrikarra izango zela planteatzen nuen, ni bezala kanpotik bere sustraien bila datorren bat. Bestalde, Erdi Aroan umezurztegi bat zegoela aipatu zidaten. Abizenak ez zituztenei Arceniega edo Encina jartzen zietela. Bazela baten bat, umezurztegi baten ondorengoen ondorengo bat. Ehiztariak agertzen dira. Elizak protagonismoa ere badu. Alboko udalerrian, Kexanan bazen XIII. mendeko erretaula bat. Diru gutxiren truke saldu eta Chicagoko museoan dago, izugarrizko balioa du. Herrian garrantzia izan dezaketen gauzekin jokatu dut.


Zer izenburu du zure sortze lanak?
"Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia".  

Zeurea gainerako sortze lanekin bilduma batean txertatua dago. Aurkezteko garaia datorkizu.
Artziniegan bertan aurkeztuko dut, Korrika igaroko den apirila hasieran. 

“Geuretik Sortuak” egitasmo hau naziogintzaren ikuspuntutik baliagarritzat jo zenuen Artziniegara joan aurretik. Ikuspegia aldatu zaizu esperientzia honen ostean?
Antzekoa da. Orain irakurleen funtzioa hasten da. Ia 400 orrialdeko bildumak dira eta irakurtzean ikusiko duzu hainbat narrazio lan Euskal Herriko toki ezberdinetan kokatuta. Eta hor islatua egon eta indartuko da nazio ikuspegi hori. Ipuin bat herri bakoitzean girotuta, herriok ezagutzeko aitzaki ederra da.

Hartueman bat sortzen da herrion eta sortzaileen artean. 
Lan batean berez ez du zertan tokiak garrantzia izan, kasu honetan bai. Toki horretan elaboratutako hori bueltan ematea polita da. 

Balantze positiboa beraz.
Interesgarria litzateke egitasmo honek beste diziplina batzuekin segida izatea. Aukera ematen die bere diziplinan kontsolidatuak daudenei eta "hasiberriei" edo hasi nahi dutenei ate bat zabaltzen die. Motibagarria izan daiteke.

Gainerakoan sortzen segitzen duzu?
Oraintxe asko irakurtzen eta esperimentatzen nabil. Ideiaren bat edo beste badut. Ia udan zerbait taxuzkoa idazten dugun, orain presarik gabe informazioa biltzen nabil.