Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan, hainbat ipuin, film labur eta antzezlan sortu dituzte euskaraz Euskal Herriko hainbat artistek euren bizilekutik at, beste herri batean egindako egonaldietan; tartean, gogoan izan, Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre idazle herritarrek.
Egitasmo honen testuinguruan Ttanttaka Teatroak ondutako "Sexberdinak" antzezlanaz gozatzeko aukera izango dugu otsailaren 27an, igandea. Oraindik hitzordu honetarako hiru aste eta erdi geratzen badira ere, emanaldi hau albiste dugu gaur, sarrerak jada salgai jarriko dituelako antolakuntzak; Udalbiltzak eta Udalbiltzako kide den Usurbilgo Udalak. 5 eurotan eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman sartuta.
Mireia Gabilondok zuzendua, antzezlanak Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia ditu aktore protagonistak. Garun-paralisia duen kazetaria eta "kontraesanetan erdi ittota dabilen gozoki-saltzailea" hezurmamituko dituzte. Biek ala biek "beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta".
60 lagunentzako lekua izango duen emanaldia, otsailaren 27an, iluntzeko 18:00etan Oiardo Kiroldegian.
Antzezlanaren hariraren abiapuntua honakoa da; "Anaren bihotza logela huts bat omen da. Nicok berea tatuatu egin nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Beno, duela hiru urte gertatu zen hau, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dugu kontatzera datozena; maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak aztergai".