UEMA-ren "Salto!" gazteentzako udaleku ibiltarietan izen emateko aukera

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 2a, 09:06

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) antolaturiko udalerri euskaldunetako gazteentzako udaleku ibiltariek Gipuzkoa eta Nafarroa lotuko dituzte aurten. Udalekuetako izen ematea zabalik dute 2004-2007 urte artean jaiotako gazteek, baita ekainaren 27tik uztailaren 3ra ekimen honetan gazteekin lan egin nahi duten begirale eta sukaldariek ere.

Zabalik da Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bosgarrenez antolatu dituen "Salto!" udalerri euskaldunetako gazteentzako udaleku ibiltarietan izen emateko epea, martxoaren 31ra arte. Deialdia 2004-2007 urte artean jaiotako gazteei zuzendua dago. Ekainaren 27tik uztailaren 3ra luzatuko den aurtengo edizioan 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira, antolakuntzaren esanetan, "bat Tolosatik, bestea Etxarri Aranaztik eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak". Gipuzkoa eta Nafarroa lotuko dituzte beraz, aurtengo udaleku ibiltariek. Iaz izen emate kanpainak izandako arrakasta tarteko, eta "asko kanpoan geratu zirenez, aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMA-k". Halere, aurtengoan ere "kopurua gainditzen bada, lurraldetasuna, genero irizpidea eta izena emateko ordena hartuko da kontuan taldea osatzeko".

Ekimenaren asmoa, "euskaratik eta euskaraz, inertziatik kontzientziara salto egitea eta gazteek beste herrietako errealitatea ezagutzea da". Aurtengorako ere, "herriz herriko ibilaldiak, kultur ekitaldiak, tailerrak eta solasaldiak, jolas eta lagunarte giro ederra" iragarri du antolakuntzak.

Parte hartzeko gonbita luzatzen du UEMA-k, ekimena aurkezteko sareratu eta albiste honi atxikia duzuen bideoaren bidez. "Zazpi eguneko udaleku ibiltari hau aukera ederra da udalerri euskaldunetako gazteak elkartzeko eta lagun berriak egiteko. Euskara batera bizitzeko garaia da, ez galdu aukera".

Sukaldari eta begiralen hautaketa
Aurreko edizioetan bezala, 14-18 urte arteko gazteekin lan egiteko udaleku ibiltariotarako aisialdiko begiraleak eta sukaldariak behar ditu UEMA-k. "Ondorengo jakintzak baloratuko dira", antolakuntzak ohartarazi duenez: begirale titulua izatea, EGA edo baliokidea izatea, hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak izatea edo burutzen egotea, lan eskarmentua antzeko lanetan, euskararekiko sentsibilizazioa, taldean lan egiteko erraztasuna. 


"Salto" udalerri euskaldunetako gazteen topaketak
Epea: ekainak 27-uztailak 3.
50 laguneko bi zutabe: bat Etxarri Aranaztik, bestea Tolosatik. Laugarren egunean Leitzan zutabeen topaketa.
Etapak:
Tolosatik abiatuko den zutabea: Tolosa-Alkiza ekainaren 27an, Alkiza-Leaburu ekainaren 28an, Leaburu-Berastegi ekainaren 29an, Berastegi-Leitza ekainaren 30ean eta Leitzan egonaldia ekainaren 30etik uztailaren 3an.
-Etxarri Aranaztik abiatuko den zutabea: Etxarri Aranatz-Larraun ekainaren 27an, Larraun ekainaren 28an, Larraun-Basaburua ekainaren 29an, Basaburua-Leitza ekainaren 30ean eta Leitzan egonaldia ekainaren 30etik uztailaren 3ra.

Izen ematea bideotatik:
Esteka honetan: "Salto!"
943 816 699
hezkuntza@uema.eus

Begiraleak eta sukaldariak hautatzeko deialdia:
Kurrikulumak martxoaren 4a baino lehen helarazi arnasguneak@uema.eus helbidera. Apirilaren 15ean jakinaraziko zaie erabakia hautatuei.

Informazio gehiago: uema.eus