#udalbatzarra

Aldaketak Txirikorda eraikitzeko kontratuan

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 2a, 08:12

Zenbait aldaketa txertatzea erabaki dute Ugartondon kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa eraikitzeko kontratuan.

Aurreikusi ezin diren arren, obretan izaten diren ezusteko gertaeren adibide dugu lerrootan 2023an ateak zabaldu ditzakeen Ugartondoko belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Txirikorda. Udal gobernu taldetik urtarrilaren 27ko osoko bilkuran berri eman zutenez, eraikin hau kokatuko den lur eremua egonkortzeko lanak burutu behar izan dituzte, eta horrek gainkostu bat eragin du proiektuan. “Obra gehigarriak txertatzeko” obra kontratua aldatzea onartu zuen aho batez iragan asteko udalbatzarrean. Izatez, “kontratu honen hasierako prezioa 1.953.312,02 euro (BEZa salbuetsita) zen eta aldaketaren kopurua 49.162,90 eurokoa da”. Esleipen prezioarekiko aldaketa %2,52koa da.  Gainkostuaz gain, obra gehigarriengatik kontratuaren exekuzio epea ere hilabetez, 30 egunez luzatzea erabaki dute.

Txirikorda
Txirikorda egitasmoa gauzatzeko lanen esleipena, bestela esanda, "Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-59 (Ugartondo) eremuko Barne-Erreformarako Plan Bereziaren Testu bategineko EQ.1 partzelan zuzkidura-alojamenduak egiteko exekuzio obrak" Construcciones Murias S.A. enpresari esleitzea erabaki zuten aho batez iraila amaierako udalbatzarrean.

Lau enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, azkenean Murias izan da puntuazio altuena eskuratu zuena. 
2023. urte hasieran "Txirikorda ireki" ahal izango dela aurreikusten du udal gobernu taldeak. Urtebete geratzen da ordea aurretik, eta tarte honetan eraikinaren erabilera arautuko duen ordenantza landu asmo dute. Gogoan izan, parte hartze prozesu baten bidez finkatu ziren oinarrizko hainbat irizpide. Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenentzat gainera, "udaberri aldean jardunaldi batzuk" antolatu asmo dituzte. Elkarbizitza eredu aitzindari eta berritzaile honen lanketa bideratu asmo dute eraikitze lanek iraun artean, erabiltzaileak izan daitezkeen bi kolektibo nagusiekin; gazteekin eta adinekoekin.