Michelingo langileak ere lan erreformaren aurka

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 2a, 17:34

Argazkia: Michelingo LAB.

Espainiako Gobernua onartzear egon daitekeen lan erreformaren aurkako mobilizazio eguna izan da asteazken hau Hego Euskal Herman. Euskal gehiengo sindikalak deitutako manifestazio eta elkarretaratzeak egin dira hiriburuetan edota hainbat lantegiren atarian. Tartean, Michelinen.

Espainiako Diputatuen Kongresuan ostegun honetan bertan bozka dezaketen lan erreformaren dekretuaren aurka mobilizatu da gaur (otsailak 2) euskal gehiengo sindikala eta haiekin, milaka langile Hego Euskal Herriko hiriburu eta herrietan, baita lantegi atarietan ere; tartean Michelinen, bertako LAB sindikatuak atera eta albiste honi atxikia duzuen irudian ikus dezakezuen moduan.

Lan erreforma indargabetzea eta lan harremanetarako eremu propioa, euskal esparrua galdegin dute. Hemen asteazken honetako mobilizazioen harira ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta HIRU sindikatuek kaleratu duten oharra. 

EUSKAL GEHIENGO SINDIKALAREN (ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde, HIRU) OHAR BATERATUA:
Bihar bozkatuko da Madrilgo Kongresuan lan erreformaren dekretua eta ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek iragarri bezala, konbalidazioaren bezpera mobilizazio eguna izan da Hego Euskal Herriko lantokietan. Milaka langile mobilizatu dira lan erreformaren indargabetzea eskatzeko eta lan harremanetarako euskal esparruaren defentsan, lantokietatik eragiteko.

Lehentasunez bereziki larriak diren bi gai moldatzeko beharra dago: euskal lan harremanen esparrua erasotzen duen estatalizazioa batetik, eta, bestetik, kaleratze merke eta errazak ahalbidetzen jarraitzeko aukera. Horregatik, aipatu puntuak indargabetzearekin bat, 2010 eta 2012ko lan erreformak erabat derogatzea eskatu dute langileek gaurkoan, langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna direlako.

Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak eman beharra aldarrikatu dute, euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak hemen bertan hartu ahal izateko. Dei egin diete EAEko zein Nafarroako instituzioei ikusle izateari utzi eta urratsak eman ditzaten, esparru propioaren alde.

Gaur lantokietan bezala, joan den asteburuan Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostiako kaleetan mobilizazio jendetsuak egin ziren. Halaber, gehiengo sindikalaren ekimenez bilera-erronda egin da hainbat alderdi politikorekin (EHBildu, Podemos-Ahal Dugu, EAJ), eta eskakizun argia helarazi zaie: konbalidazioan, eta beti lan erreformak erabat indargabetzeko bidean, aurretik aipatutako bi gaietan (kaleratzeak eta estatalizazioa) moldaketarik egongo ez bada, ezezko bozka emateko erreformari.

Beharrezkoa da euskal alderdiek euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea eta langileek beren lan eta bizi baldintzak duintzeko behar dituzten aldaketak bultzatu eta defendatzea. Gaurkoan lantokietan mobilizatuz, bide horretan beste urrats bat egin da.

Euskal Herria, 2022ko otsailaren 2an.