Akabo, agortu dira. Egun bakar batean saldu dira "Sexberdinak" antzezlanerako sarrerak. Asteazken goizeko 9:00etan eskuragarri jarri eta eguna amaitzerako txartelik ez zen geratzen. Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren bueltan Ttantakak ondutako "Sexberdinak" antzezlana eskainiko dute Oiardo Kiroldegian otsailaren 27an arratsaldeko 18:00etan hasita. 60 lagunentzako lekua zen, baina akabo, txartelak agortu dira.
Mireia Gabilondok zuzendua, antzezlanak Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia ditu aktore protagonistak. Garun-paralisia duen kazetaria eta "kontraesanetan erdi ittota dabilen gozoki-saltzailea" hezurmamituko dituzte. Biek ala biek "beren bizipen afektibo sexualak azalduko dituzte inolako konplexurik gabe, gutako bakoitzak, norbere paralisiarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Bi lagunen istorioa, umorez eta minez tindatuta".
Euskal sorkuntza bultzatzeko
Antzezlanaren hariraren abiapuntua honakoa da; "Anaren bihotza logela huts bat omen da. Nicok berea tatuatu egin nahi du. Igogailu batean daude harrapatuta eta ezezagun izatetik lagun izatera pasako dira. Beno, duela hiru urte gertatu zen hau, baina iraganera bidaiatuz, orainaldian biziko dugu kontatzera datozena; maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak aztergai".
Gogoan izan, Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitako antzezlana dela "Sexberdinak", euskal sorkuntza sustatzeko antolatua. Ekimen honen baitan ipuin bana kaleratu dute Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre herritar idazleek, hurrenez hurren Artziniegan eta Etxarri-Aranatzen egindako egonaldietan. Usurbilgo egonaldian bestalde Itxaro Borda idazle baionarrak beste sortze lan bat bideratu zuen, asteazken honetan Sutegin aurkezturikoa.