Koronabirusa

Covid19 ziurtagiririk ez da erakutsi beharko bihartik

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 3a, 07:53

EAE-ko Auzitegi Nagusia covid19 ziurtagiriaren erabilera otsailaren 13ra arte luzatzeko Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren aurka agertu ostean, Jaurlaritzak berak aipatu ziurtagiriaren erabilera bertan behera uztea erabaki du bihartik EAE osoan.

Bukatu da, covid19 ziurtagiriarenak egin du. Asteartean covid19 ziurtagiriaren erabilera otsailaren 13ra arte luzatzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak iragan astean hartutako erabakiaren aurka agertu zen EAE-ko Auzitegi Nagusia. Abenduaren 14ko dekretua bertan behera utzi zuen. Dekretu hark, leku itxi gehienetara sartzeko aipatu ziurtagiria erakustera derrigortzen zuen.

Ordura arte, 50 bezerotik gorako jatetxeetara eta gaueko aisialdiko establezimenduetara soilik. Otsailaren 1az geroztik azken 48 orduotan guneotan soilik segi du indarrean covid19 ziurtagiriaren erabilerak. Bihartik, hilaren 4tik aurrera toki hauetara sartzeko ere ez da beharrezkoa izango. Eusko Jaurlaritzak ostegun arratsalde honetan ezustean argitara eman duen oharraren bidez iragarri du, "indarrik gabe" utziko duela covid19 ziurtagiraren eskakizuna EAE osoan, ostiral honetatik aurrera; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan beraz, tartean Usurbilen. 

"Koherentea da aipatutako agindua indarrik gabe uztea"
Azken orduotan Jaurlaritzak hartutako erabakia ostiral honetako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratuko du. "Bihar argitaratuko du azaroaren 17ko agindua bertan behera utziko duen Osasun Sailburuaren beste agindu bat", ohartarazi du Gasteizko gobernuak. Covid19 ziurtagiaren erabilera erabat bertan behera utziko du. "Bihar argitaratu eta indarrean sartuko den agindu berri horren bidez 50 lagunetik gorako jatetxeetara eta gaueko aisiarekin lotutako establezimenduetara sartzeko COVID  Ziurtagiriaren eskakizuna indargabetuta geldituko da".

Jaurlaritzak dioenez koherentziagatik hartu du erabaki hau. "Pandemiaren egungo bilakaera epidemiologikoa eta sanitarioa ikusita, baina batez ere Justizia Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman ondoren COVID ziurtagiria eskatzeko guneak zabaltzeari buruzko Lehendakariaren abenduaren 14ko 47/2021 Dekretuaren indarraldia amaituta, koherentea da aipatutako agindua indarrik gabe uztea". 

Prebentzio neurriak betetzen segitzeko deia
EAE-n bai baina hortik kanpo bidaiatzeko adibidez ez. Eusko Jaurlaritzak dioenez, "gogoratu beharra dago bihartik aurrera ez dela beharrezkoa izango EBko COVID ziurtagiri digitala eskatzea Euskadiko establezimenduetan sartzeko, baina ziurtagiri horrek indarrean jarraitzen duela Europar Batasunaren barruan zirkulazio askea eta bidaiak errazteko".

Ziurtagiriaren erabilera bertan behera utzi arren, prebentzio neurriak betetzen segitzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzak. "Osasun Sailak, agindua bertan behera uzteaz gain, prebentzio- eta autobabes-neurrien zuhurtzia-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioak betetzen jarraitzeko beharra berretsi du. Osasun Sailak herritarrei lankidetzarako deia egiten jarraitzen du, uste baitu norbanakoaren erantzukizuna lehen mailako bermea dela kutsaduraren hedapena saihesteko".