"Geuretik Sortuak"

Itxaro Borda: "Ene pertsonaiek lau gau zuritzen dituzte Usurbilen"

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 9a, 14:36

Udalbiltzak euskarazko sorkuntza sustatzeko iaz abian jarritako "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan Itxaro Bordak Usurbilen girotutako kontakizuna, nahiz Ugaitz Agirrek eta Yolanda Arrietak, Artziniegan eta Etxarri-Aranatzen kokatutakoak kaleratu dituzte. Sortzaileak aurkezpen fasean dira orain.

"Hamazpigarrenean aidanez". Hortxe, euskarazko sorkuntza bultzatzeko Udalbiltzak sustatutako "Geuretik Sortuak" izeneko egitasmotik sortu den argitalpena, film labur edota antzezlan sortarekin batera. Bi argitalpen izan dira. Izen hauxe jarri diote, Andu Lertxundiren "Hamaseigarrenean aidanez" lanari gorazarre eginez. Kasu hartan, "protagonista herri txiki batera doa" eta hango kontakizuna egiten du, edizio lanaz arduratu den Dijitalidadea-ko ordezkari Gotzon Barandiarenek iragan astean Sutegin eginiko aurkezpenean zioenez.

Halaxe egin dute baita, argitalpen berri honetan parte hartu duten idazleek ere. "16 idazle, 16 herrietan bizitakotik, 16 kontakizun. Oso ahots desberdinak daude liburuan". Baina denek lotune bat dute, "Euskal Herria kontatu nahi dute, lokaletik unibertsalera, imaginario berri bat sortu, euskaldunok euskaldunontzat". Euskaldunok kontatutako "imaginarioetatik oso gutxi" jasotzen ari dira belaunaldi berriak eta kezka horretatik abiatu zen hain zuzen Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoa. "Gure imaginarioa euskaldunok asmatu eta kontatu behar diogu elkarri".

Eta hala egin dute proiektu honetan parte hartu duten hamasei idazleek; batzuk "datu historikoak hartu dituzte, beste batzuk erabat fikziora" jo dute Barandiaranen esanetan. "Ezkutuan gordetakoak agerira ekartzeko ahaleginean ari dira pertsonaiak". Argitalpen gehienetan "historian memoria ez da gordetzen, jendeak nola bizi izan duen hori alegia. Liburu honetan ostera bai", Barandiaranek dioenez. Sortze lan askotan, "herriak eurak pertsonaiak dira. Zuek agertzen zarete kontakizun hauetan", adierazi zien Sutegira joandakoei. 

Transmisiorako tresna
Idazleek Euskal Herriko txoko ezberdinetan eginiko egonaldietatik, eta guneotan "herritarrekin izandako harremanetatik" sortu dituzte kontakizunak. Tartean, Usurbilgo bi idazleek; Ugaitz Agirrek eta Yolanda Arrietak, hurrenez hurren Artziniegan eta Etxarri-Aranatzen bertan bizitako horretatik. Hala sortu dituzte Arrietak "Estekak" eta Agirrek "Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia". Itxaro Borda idazle baionarrari egonaldia Usurbilen egitea egokitu zitzaion, eta udalerri honetan bertan sortu zuen "Gauak zuri Usurbilen", iragan astean Sutegitik bertatik aurkeztu zuen idazlana, Gotzon Barandiaran eta Usurbilgo Udaleko ordezkari Luken Arkarazo kultur arloko zinegotzia alboan zituela. 

Pozik agertu zen Arkarazo, "Usurbildar bezala harro eta pozik" egoteko moduan garela zioen eta Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltzaren egitasmo honen garrantzia nabarmendu zuen,  "ez bakarrik sortzaileentzat, transmisiorako tresna ere izango direlako". Alde horretatik, "Usurbilgo herria parte hartzaile aktibo" izan dela aipatu zuen ekimen honetan. "Guretzat ohore handia da halako ibilbidea duen euskal sortzaile bat gurean izateko aukera, zer eta Usurbilen, inguruko sorkuntza lan bat gauzatzen".

Herri bizitza abiapuntu
Itxaro ere pozarren agertu zen Sutegiko ekitaldian, lehendik ere ezaguna zuen Usurbilen "udan hiru aste zoriontsu" igaro ostean. Gogoratzen zuenez, "80 eta 90eko hamarkadan Usurbilen ibili naiz askotan eta ezagutu ditugu hemengo kultur pertsonaia gehienak". Halere "denbora berean banuen beste arrotz sentimendu bat ere".

Santuenean bizi izan zen iragan uztailean hiru bat astez. "Usurbildarren beste egunerokotasun bat nuen, arras ezberdina eta horrek ere neurri batean eman dit halako arroztasun bat. Ni arrotza nintzen eta neurri batean arrotzen artera nindoan eta handik behar nuen ikusi Usurbil".

Aste haietan bizitakotik abiatu zuen bere "Gauak zuri Usurbilen" kontakizuna. Laboaren Uztaileko zikloaren baitan iragan udan Ibon RG-k eta Enrike Hurtadok eskainitako kontzertu gauetik. "Ez dakigu nondik etortzen den narratzailea. Etortzen zaio Nadia izeneko pertsonaia. Errusiar kutsu hori atxiki nahi nion", azaldu zuen Bordak Sutegin. Errusiar kultura maite duelako eta bere sortze lanak Fyodor Dostiyevsky idazlea omendu nahi zuelako baita. Idazle hau jaio zenetik 200 urte bete ziren iaz. Bere kontakizunetako batean hain zuzen, "San Petersburgon bi pertsonaiek hainbat gau zuritzen dituzte. Ene pertsonaiek lau gau zuritzen dituzte Usurbilen". Hortik "Gauak zuri Usurbilen" izenburua. "Lau gau horietan beti hitzorduak egiten dituzte Mikel Laboa plazan".

"Gida-liburu intimoa"
Usurbilgo leku zehatzetan ibiltzen dira bi pertsonaia hauek. Leku hauekin Oriaren bidez ura eta uztailean bertan Dema plazan ikusitako giza proben nahiz Andatzako mugarri historikoen eta Ingemarren bidez harria batu nahi izan ditu Bordak. "Harri hori beti landua da. Beti badira bihotzak, eskuak, gorputzak, sentimenduak harri hori lantzeko". Ingemarreko harriaren kasuan, "langile ohi asko bertan Santuenean bizi dira. Asko dira Extremadura edota Galizatik lanera etorritakoak".

Urari dagokionez, zioenez, "Usurbil ibaiari bizkar bizi dela entzun izan dut eta ipuin honetan alderantziz da". Andatzan egoteaz gain, errioa barrutik ezagutzeko aukera izan zuen, "zoragarria izan zen. Bat-batean mundutik kanpo ginen". Baita herria ere, "berehala saiatu nintzen hiriko bizitzan sartzen". Oroitzen duenez, "jende askorekin egon nintzen", haietako bat baino gehiago joan ziren Sutegiko aurkezpenera. "Hainbat eta hainbat istorio bildu nituen eta horren itzala agertzen da ene ipuinean. Behar bada ene ipuinak gida bezala funtzionatzen ahal du, gida-liburu intimo bat". Kultur-etxean bertan idatzitakoa da. Bere kontakizunean sartu dira "dantzan Usurbil, bere auzoak, iragana, nire ikuspegi subjektibotik".

Sutegira joandakoei adierazi zienez, "lekuak ere ezagutuko dituzue. Irakurtzen gozatuko duzuela espero dut". Eskerrak helarazi zizkien Udalari eta Udalbiltzari.