“Alaia, irekia, bere lagunen oso laguna zen eta bazuen ikaragarri gustuko genuen burugogortasun puntu hori”. Badute oroitu eta omentzeko motiborik beraz, eta hala egitera doaz. Modu ezin egokiagoan gainera; zaletasun itzela izan eta iaiotasun trebea erakutsi zuen dardo txapelketen bueltan omenduko dute otsailaren 12an, iazko ekainean istripuz zendu zen Joxe Manuel Ikutza herritarra.
Haren oroimena bizi asko dute eta, bereziki herri honetan dardoetan aritzen diren zaletuek. Askok gogoratuko dute Ikutza, tabernan dardo makinan lehia bizian. Omenaldia antolatzen ari zaion Usurbilgo Dardo Taldetik NOAUA!ri berri eman diotenez, bere trebetasunak Suitzako Europako txapelketa jokatzeraino eraman zuen Ikutza, eta “bere mailan lehen zortzien artean sailkatu zen”. Baina horrez gain, “txapelketa ezberdin askotan parte hartu izan zuen”. Besteak beste, Euskal Herrikoetan, “Espainiako hainbat txapelketetan eta herrietako torneoetan”. Herri mailakoetan, bere sorterrikoan erakusten zuen dardo jolaserako iaiotasuna, “Usurbilgo txuletak izeneko txapelketan”.
Eta txapelketen bidez, gustuko zuen hara eta hona ibili eta jendea ezagutzea. “Oso gustuko zuen dardoen inguruan sortzen zen giroa, laguntasun hori, mugimendua, jende eta toki berriak ezagutzea”.
Zendu zen egunean ere “dardoetan jokatzetik zetorren”. Orion kide batek ezin bertaratu eta “gurekin etorri zen jokatzera. Nafarroako talde baten kontra genituen Euskal Herriko Kopako finalerdiak eta irabazi ondoren etxera bueltatzeko bidean joan zitzaigun”. Hor sortu zen omenaldia egiteko ideia. Osasun krisialdiak eragotzi die lehenago egitea, baina itxaroteak merezi izan du, egun ezin egokiagoa hautatu baitute omenaldirako; Joxe Manuelen urtebetetze eguna, otsailaren 12a. Datorren asteko larunbat hori baliatu nahi dute bere lagunak biltzeko.
Zaletu eta eragilea
Dardoetarako jokalari gisa zituen bereizgarriei buruz galdetu diegu. “Lehiakorra zen oso”, diote. Baina hitz batean laburbilduz, “bere konstantzia” nabarmentzen dute, “hobetzeko bere ahalegina”.
Zaletasun honen sustatzaile ere izan zen, kide gehiago erakarriz. Baita belaunaldi berriak ere. “Gazteekin oso ondo konektatzen zuen”. Baina Ikutza beti dardoetan maixu. “Partida bat jokatu eta egurra ematen zigun, lehia sanoa izaten genuen”.
Surfa eta snowboard zalea ere bazen. Surfeko lagunek despedida egin zioten iaz, dardo zaletuen txanda izango da orain. “Gure asmoa, bere lagun, talde kide eta jokoan arerioak zituenak” biltzea da.
Txapelketak Sutegin
Ikutzaren aldeko oroimen eguna dardo txapelketen bueltan ospatuko dute beraz hilaren 12an. Sutegi izango da zaletuen bilgunea. Zehazkiago esanda, kultur-etxeko erakustaretoa. “Bospasei makina jarriko dira bertan”, antolakuntzak ohartarazi duenez. Eta beirazko hormaz bestalde, lehiaketok jarraitzeko aukera izango da. Aukera honen alde egitea erabaki dute, osasun krisialdia aintzakotzat hartuta. Hala, goizean banakako “Burma Road” txapelketa antolatu dute. Kanporaketen bidez jokatzen den dardo modalitate bat dela argitu digute. Azken fasera heltzen direnentzat sariak iragarri dituzte. Espresuki hautatu dute jolas hau, Ikutzaren omenez. “Dardo makina Irrati tabernan zegoen garaitik joko horretan aritzen zen Joxe Manuel, oso gustuko zuen”. Eta bera nagusitzen zen lehian. “Hilero puntuazio gehien biltzen zuenari bi kilo eta erdi txuleta oparitzen zitzaizkion. Berak irabazten zuen beti”.
Banakako txapelketaren ostean, topa eginez Sutegi atarian bertan Ikutza omenduko dute. Gero dardozaleen eta bere lagunen bilgunea izan nahi duen bazkaritarako elkartuko dira Patri jatetxean. Iragan aste amaierarako 40 lagun inguruk izena emana zuten jada antolakuntzaren esanetan. Eta bazkalostean, dardoetan aritzeko aukera berria izango da. “Bikote Eroak” izeneko txapelketa antolatu dute Sutegiko erakustaretoan. Izenak dioen moduan, bikotekako lehian parte hartzeko aukera izango da, 5 euro ordainduta; bikoteak ordea zozketa bidez erabakiko dira. “Jende berria ezagutzeko aukera izatea nahi dugu baita, eta lehiakideek normalean jokatuko ez luketen kideekin aritzea, saltsa polita sortzeko”.
Ekintza hauetan modu soltean izen emateko aukera izango da egunotan Aitzagan.
Europarako sailkatuak
Herrian bada saltsa dardoen bueltan. Ikutzaren omenaldia prestatzen ari diren lagunek NOAUA!ri berri eman diotenez, hiru tabernetan dituzte federazioko makinak; Usurbilgo Aitzagan eta Xarman eta Aginagako Arraten. Txapelketak orohar astetartean zehar izaten dira, iluntzeetan 21:00etatik aurrera. “Neguko kiroltzat jotzen dugu”, urte garai honetan taberna barrualdean egoteko giro aproposagoa izaten baitugu; dardozaleen onurarako, diotenez, “zortez Euskal Herrian nahiko luzea da negua”.
Osasun krisialdian murgildu ginenetik online bidez jokatzen dira. “Lehen txapelketa baten finala jokatzeko Kiroldegi edo pabilioi batera joan beharra zegoen. Gaur egungo neurri murriztaileek ordea dena eten dute. Makina hauek nork bere tabernatik, besteekin gustuko izaten dugun hartueman hori gabe baina jokatzen jarraitzeko aukera ematen digute”.
Eta garaipenak eskuratzekoa ere bai. Ikutzak eskola sortu du herrian. Bere antzera Europaraino heldu da Aitzagan osatua den dardo zaletuen taldea. Kanporaketa saiotik saiora Madrilgo talde bat garaitu eta “Europako txartela” lortua dute. “Hasiera batean Kroazian ospatu behar zen, baina pandemia noiz bukatuko zain gara, tokia mantentzen ote den ikusteko”. Penintsulatik kanpo izango dela ziurtzat jotzen dute, bidaiatzea egokituko zaie beraz.
Kide berriak dardoetan zaletzera animatzen dituzte. “Probatu nahi duen guztiari hurbiltzeko herriko taberna hauetako batera; Aitzaga, Xarma edo Arratera, eta parte har dezatela”. Lehen Irratin jokatzen zen dardoetan. Irrati itxi zutenean makina Aitzagara ekarri eta lehiak bertan segi zuen. Gerora Xarma eta Arrate batu zaizkio txapelketa federatuetara. “Lehen etortzen zinen eta jokatzeko tokia izaten zen, orain ilaran itxaron eta txanda hartu behar izaten da”.
Datozen txapelketak martxoan hastekoak dira. Informazio gehiago nahiko balu aipatu hiru taberna hauetako batean galdetzera animatzen dute. Martxorako hain zuzen, egun osoko topaketa iragarri dute Aginagako Eliza Zaharrean. Pirinioetako kopako jardunaldia jokatuko dute.
Joxe Manuel Ikutzaren omenez
Otsailak 12, larunbata
12:00 Burma Road txapelketa Sutegiko erakustaretoan.
13:00 Omenaldia Sutegi atarian: aitortza gure lagunari eta beragatik topa egingo dugu.
14:00 Dardozaleen bazkaria Patri jatetxean.
17:00 Bikote Eroak txapelketa Sutegiko erakustaretoan.
Informazio gehiago eta ekitaldietako izen emateak: Aitzaga tabernan.
Antolatzailea: Usurbilgo Dardo Taldea.