Koronabirusa

Musukoaren kaleko erabilera bertan behera, ostegunetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 7a, 12:57

Musukoaren kaleko erabilera derrigorrezkoa izateari uztea adostu dute Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako gobernuek astelehen goiz honetan egin duten lurralde arteko osasun batzordean.

Espainiako Gobernua eta autonomia erkidegoetakoak biltzen dituen lurralde arteko Osasun Batzordea bildu da astelehen honetan, eta azken egunotan hedabide ezberdinek zabaldutakoa berretsi dute hitzordu horretan. Musukoaren erabilera murriztea erabaki dute kalean. Aurrerantzean ez da erabili beharrik izango, jende pilaketak suertatzen direnean izan ezik. Kasu horretan, musukoak erabiltzea "aholkatuko" dute.

Astelehen honetan adostutakoa, astearteko Ministroen Kontseilura eramango du Espainiako Gobernuak. Bertan onartu ostean, ostegunean kaleratuko du erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialak. Egun horretatik aurrera, otsailaren 10etik aurrera beraz, musukoa kalean erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango. 

Bide batez, Usurbili zuzenean eragiten ez dion arren, futbolzale edo saskibaloi zaletu herritarrak egongo dira udalerri honetan ere. Haiei zuzenduriko beste erabaki bat hartu du lurralde arteko osasun batzordeak. Indarrean zen neurri murriztaile bat malgutzea hain zuzen; edukiera handitzea adostu dute estadioetan. Maila profesionalean lehian ari diren futbol eta saskibaloi taldeen ligako neurketetan, baita bestelako kirol jarduera jendetsuetan ere. Gune irekietan %85era arte handituko dute edukiera, %75eraino instalakuntza itxietan. Covid19az babesteko gainerako prebentzio neurriei eustea erabaki dute.