"Aktibatzen" prozesuan hitza hartzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 7a, 08:09

Hilabeteotan Usurbilgo Udalak herri eragile eta herritarrekin batera bideratuko duen "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" hausnarketa prozesuan eskuhartzeko bide ezberdinak zabaltzen ari dira sustatzaileak.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoa garatzeko Usurbilgo Udalak herritar nahiz eragileekin batera jorratu nahi duen "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" parte hartze prozesua abiarazi du. Hitza hartzeko epea zabalik da. Ekarpenak egiteko bide ezberdinak zabaldu dituzte; batetik, jada egiten hasiak diren bilerak klubekin. Bilera irekiak deituko dituzte martxoan eta prozesu honi begira osatu duten talde eragilearen saioak finkatu dituzte apirilean.

Horrez gain, une honetan usurbil.eus/aktibatzen atarian klikatzen baduzue zuen posta elektronikoaren helbidea adierazita ekarpenak egiteko modua duzue. Otsailaren 7tik 18ra, datozen bi asteotan galdetegia betetzeko aukera izango da baita. Esteka honetan klikatuta hain zuzen: usurbil.eus/aktibatzen/galdetegia . Paperean egunotan eskuragarri izango da baita Sutegin, Oiardo Kiroldegian eta udal erregistroan, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez. "Herriko eskaintza, kirol instalazioak, kluben kudeaketa eta dirulaguntzak edo Eskola Kirola izango dira landuko dituzten gai nagusiak", Usurbilgo Udalaren esanetan. 

Parte hartzeko deia
Prozesuaren nondik norakoak duela astebete aurkeztu zituzten Potxoenean, "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" aldarripean. "Herritar guztiak gonbidatu nahi genituzke modu batean edo bestean prozesuan parte hartzera", adierazi zuen Beñat Larrañaga zinegotziak, "denon laguntzarekin jarduera fisikoaren eta kirolaren alorrean Usurbilen hartu nahi den norabidea finkatu nahi dugulako". Eta "kirola eta jarduera fisikoaren onurak ukaezinak" izanik urtarrilaren 31ko agerraldian gogorarazten zuten moduan, "aktiboak diren herritarrak horretan jarrai dezaten eta inaktiboak direnak aktibatzen hasi nahi dugu". Hortik, egitasmoaren leloa; "aktibatzen".

Parte hartzeko hainbat bide zabalduko ditu Udalak. Prozesua kirol alorreko aholkulari Juanma Muruak dinamizatuko du. "Eskarmentu handia du gisa honetako lanketetan. Bereziki jarduera fisikoa eta kirola ulertzeko duen ikuspegi integrala izan zen berarekin elkarlanean hasteko arrazoi nagusia. Guretzako plazerra da berarekin ibilbide hau jorratzea eta herriak dituen beharrak identifikatzen lagunduko digula espero dugu", adierazi du Larrañagak.

Talde eragilea
Egunotan zabalduko den prozesuaren baitan, galdetegi bat betetzeko aukera egongo da otsailaren 7tik 18ra. Hainbat saio egingo dituzte Usurbilgo Udaleko sail ezberdinekin edota kirol elkarteekin, lehenengoa astearte honetan bertan. Lau saio egitekoak dira hurrengo hilabeteotan; bi herritarrekin, beste bi talde eragilearekin. Hausnartu nahiz proposatzeko aukera izango da, "herritar guztiak parte hartzera animatzen ditugu. Guztion iritzia interesatzen zaigu, bai pertsona aktiboena kirolarekiko duten ikuspegia jasotzeko zein inaktiboen iritziak ere; zergatik ez diren hain aktiboak, ze oztopo aurkitzen dituzten...", Muruak argitu zuenez.

Plan honen ildo estrategikoak definitzen lagunduko duen hausnarketarako talde eragilea osatu dute. "Kirolean erreferenteak diren pertsonak identifikatu ditugu Usurbilen", azaldu zuen Muruak. Sei herritar aditu eta arituok osatuko dute bilgunea; Josune Iparragirrek, Iban Maritxalarrek, Ana Errastik, Jon Mikel Azpiazuk, Oidui Usabiagak eta iragan asteko agerraldian parte hartu zuen Uxue Fernandez Lasak. Udaletik gonbita jasotakoan, "asko pentsatu gabe eman genion baiezkoa ilusioz eta arduraz". Aritu ikuspegia bai, baina "herritar aritu izan gaitezkeela azpimarratu nahi nuke", zioen Fernandezek, "aritu esperientzia oso desberdinak bizi izan ditugulako jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan". Talde eragileko kide batzuk hezkuntza munduan, beste batzuk federazio edota klubetan kudeatzaile gisa dabiltzala. Talde anitza. "Badira auzoetako testuingurua oso ondo ezagutzen dutenak, Usurbilgoa bertakoa ere bai", edota kanpotik "bestelako eredu batzuk ekar ditzakegu" baita. Abiapuntu eta kanpo begirada horretan oinarrituta, "eta hortik egiten saiatu nahi genuke".

"Herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu"
Jarduera fisikoa eta kirola modu "zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" eta erronka berriei heltzeko bideratu nahi dute hausnarketa kolektiboa; "ondo egiten dena indartu eta herri bezala ditugun hutsuneak eta gabeziak antzemateko ordua da. Kolektibo ezberdinen beharrak entzun eta ahal ditugun herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu. Gure erronka ikuspegi zabal eta inklusibo bat garatuko duen kirol politika bat diseinatzea izango da, izan jaioberri edo adinekoentzako, edozein dela ere norberaren generoa edo sexu orientazioa, non arrakala sozioekonomikoa ez den oztopo izango eta euskarazko eskaintza anitza izango dituen ardatz".

Elkarlanaren bidetik
2020ko otsailean lehen urratsak ematen hasi ostean, bizi dugun osasun krisialdiak atzerarazi duen beste egitasmo bat da honakoa. Ordutik honako bidea "ez da erraza izan", Larrañagak oroitarazi zuenez. Murrizketa eta debeku anitzei aurre egin beharrean aurkitu direla gogorarazi zuen eta ez direla garai bateko jarduerara itzuli. "Gaur egun oraindik ere Kiroldegiko funtzionamendua baldintzatua dugu eta araudi aldaketak etengabekoak dira". Baita kirol taldeen dinamiketan ere; gogora ekarri du, hilabete honetan zehar debekatuak egon direla Eskola Kiroleko lehiaketak, "neurri zentzugabea" udal gobernu taldeko kidearen esanetan.

Bi urteotako bidearen beste alderdia ere gogora ekarri nahi izan zuen Larrañagak. "Udalean lanean jarraitu dugu; hala nola herriko kirol elkarteekin elkarlanean, kirol instalazioetan hainbat inbertsio eta hobekuntza eginez eta jarduera fisikoa modu zabal batean ulertu eta lantzeko urratsak eman ditugu". Eta orain, sektore honetako plana garatzeko hausnarketarako tartea hartzera doaz.

Prozesuaren egutegia
-Otsailak 7-18: galdetegia.
-Otsaila: Klubekin bilerak.
-Martxoa: bilera irekiak.
-Apirila: talde eragilearen bilerak.

Informazio gehiagorako eta ekarpenak online egiteko aukera hemen:
usurbil.eus/aktibatzen