Udal aparejadore eta zerbitzu zein mantenu saileko buru izateko lanpostua betetzeko deialdi berria

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 8a, 08:35

Lanbide bidez abiarazitako hautaketa prozesua bertan behera utzi eta deialdi berria iragarri du Usurbilgo Udalak astearte honetako (otsailak 8) Gipuzkoako Aldizkari Ofizial bidez. Interesdunek eskabideak aurkezteko "5 egun baliodun" izango dituzte, asteazkenetik, otsailaren 9tik zenbatzen hasita.

Udal Aparejadorea / Zerbitzu eta mantenu saileko burua lanpostuan bitarteko funtzionario bat izendatzeko prozesua abiatu zuen Usurbilgo Udalak Lanbide bidez joan den urtarrilaren 21ean. "Prozesuak izandako akats eta gorabeherak tarteko" ordea bertan behera utzi eta "lehiaketa sistema bidezko deialdi berria" egitea erabaki du Udalak.

Deialdi hau onartzeko oinarriak eta xehetasunak astearte honetan (otsailak 8) kaleratu ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizial bidez. Lan eskaintza honen xedea beraz, lehiaketa irekiaren bidez, "Udal honetako Aparejadorea / Zerbitzu eta mantenu saileko burua lanpostuan bitarteko funtzionarioa izendatu eta, bide batez, lanpoltsa bat osatzea da". Udalak zehaztu duenez, "Lanpostuari A2 Sailkapen taldea, Administrazio Bereziko Eskala, Eskala Bereziko Teknikari azpieskala, Erdi mailako teknikari mota dagokio".   

Udal lanpostu hau iragan abendutik hutsik dago eta "hainbat administrazioetako lanpoltsak erabili arren ezin izan da bitarteko funtzionario baten izendapenik egin", gaineratu du Udalak.

Lanbide bidezko prozesua bertan behera utzi ostean, eta "lanpostua betetzea premiazkoa denez", Udalak 5 egun baliodun finkatu ditu eskaerak aurkezteko. Asteazkenetik, otsailaren 9tik zenbatzen hasita.


Lanpostuaren ezaugarriak
-Lanpostuaren maila: 18.
-Ordainsaria: Usurbilgo Udalaren ordainketa taulako 19. maila.
-Urteko soldata gordina: 47.908,34 euro.
-Hizkuntz-eskakizuna: 4. H.E. (lehenetsia, baina 3. H.E.-koak ere onartuko dira).
-Lansaioa: arrunta.
-Hasiera: 2022ko otsailaren 15ean, ahalik eta azkarren.
-Amaiera: Lanpostua karrerako funtzionarioz hornitu arte, gehienez ere 3 urte.

Lanpostuan egiteko nagusiak
Besteak beste:
-Bere ardurapeko arloaren (Zerbitzu eta mantenua) eskumenekin loturik dauden gaiei buruzko azterketa, txosten eta aholkularitza teknikoaz arduratu.
-Arlootako langileei laguntza teknikoa eman.
-Saileko zuzendaritza bere gain hartu eta saileko funtzionamendu egokiaz arduratu.
-Langileen hautatze prozesuetan parte hartu.
-Udal eraikinen mantentzeaz arduratu.
-Erosketa eta kontratazioetan, arlo teknikoari dagozkion eginbeharrak gauzatu.
-Saileko prozedura, aurrekontu edota dirulaguntza eskaeren tramitazio eta lanketaz arduratu.

Hautagaiek bete beharreko baldintza nagusiak
-Europar Batasuneko kide izatea.
-16 urte beteak izatea, derrigorrez erretiratzeko adina ez izatea.
-Eginkizunak betetzeko behar den gaitasun funtzionala edukitzea.
-Titulazioa: Arkitekto teknikoa edo baliokidea den titulua edukitzea edo bera lortzeko eskubideak ordaindurik edukitzea. Atzerriko titulazioei dagokienez, titulua homologatuta dagoela adierazten duen egiaztagiria aurkeztu beharko da.
-Lanpostuak derrigorrean ezarrita duen euskarazko 4. Hizkuntza Eskakizuna edo baliokidea egiaztatzea.

Eskabideen aurkezpena
-Epea: 5 egun baliodun, otsailaren 9tik zenbatzen hasita.
-Online bidez, usurbil.eus atarian.
-Oharra: "2022ko urtarrilaren 21ean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez Usurbilgo Udalak abiaturiko prozesua bertan behera utzi da. Dena den, prozesu horretan arkitekto teknikoa izanik eskaera aurkeztu zuten izangaiek, horrela nahi izanez gero, orduko eskaera hori erabiltzeko eskaera aurkeztu dezakete, Lanbidek akreditaturiko merituak erabili ahal izateko. Horretarako nahikoa izango da Erregistro Elektronikotik eskari arrunta egitea, Lanbideko kurrikuluma eta, bere kasuan, modu osagarrian erantsitako kurrikuluma erabiltzeko eskaera eginez". 

Informazio gehiago: otsailaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.