Usurbilkultura.eus

Aginagako kontzertu gauerako sarrerak salgai

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 8a, 10:45

Argazkiaren egilea: Ibai Arrieta.

"Hauskor" laugarren diskoko abesti bilduma berria aurkeztuko du Odolaren Mintzoak otsailaren 19an Aginagako Eliza Zaharrean. Maddi eta Elene herritarrek emango diote hasiera kontzertu gauari. Sarrerak salgai dituzue jada usurbilkultura.eus plataforman.

Atzera kontaketa betean da Odolaren Mintzoa musika taldea. Azken urte eta erdian ondutako "Hauskor" laugarren diskoko abesti bilduma kaleratzear da talde usurbildarra. Ostegun honetan bertan, otsailaren 10ean plazaratuko dituzte digitalki nahiz fisikoki kanta berriok Jokin Irastorzak, Joanes eta Beñat Txuekak eta Luken Arkarazok. Lana plazaratu eta bederatzi egunera iragarri du lehen kontzertua, otsailaren 19rako hain zuzen, Aginagako Eliza Zaharrean.

Gaueko 22:30etan hasiko den emanaldiari Maddi eta Elene herritarrek ekingo diote. Aginagako Eliza Zaharra elkarguneak antolaturiko kontzertu gauerako sarrerak 8 eurotan eskura ditzakezue jada usurbilkultura.eus plataforman. 

"Azkenak", aurrerapen bideoklipa
Bilduma berriko abestietako bat jada entzungai eta ikusgai duzue Odolaren Mintzoak Youtuben duen kanalean: "Azkenak" izenekoa. "Kantuaren grabaketan, ohiko taldekideez gain, partaide izan ziren Kaki Arkarazo, Elene Alustiza eta Natali Izagirre", argitu dute.

Ikus-entzunezko lan honen grabaketan aritu ziren Luis Jambrina eta Garikoitz Diaz. Jambrina edizioan eta errealizazioan. Eñaut Pagola eta Pako Agudo aritu dira laguntzaile lanetan. Diska berriaren azala Unai Aranak landu du. Taldeari argazkiak Ibai Arrietak atera dizkio; tartean, albiste honi atxikia duzuena.

Bide batez, bideoklip hau sareratzearekin batera, Odolaren Mintzoak Youtuben duen kanalean entzun eta ikus ditzakezue baita, urteotan sortu izan dituzten beste hainbat ikus-entzunezko eta abesti ere. Esteka honetan: Odolaren Mintzoa