Aurten bai, dantza eta musikarekin mozorro festa girotua

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 8a, 12:00

Mozorrotu eta kalera aurten, kalean inauterietan murgiltzeko girorik ez baita faltako. Hitzordu sorta iragarri dute NOAUA! Kultur Elkarteak eta Orbeldi Dantza Taldeak otsaileko azken astebururako. Prestatzen hasi.

Iaz ez zen ospakizunik antolatzerik izan, egun seinalatuez ahaztu gabe, gogoan hartu eta jendea mozorrotzera animatu zen arren. Aurtengoan ordea bai: bueltan izango dugu Inauteri Festa. Oraindik ez ziurrenik denok nahiko genukeen moduan, baina izango da mozorrotu eta kale giroaz gozatzeko pizgarririk otsaileko azken asteburuan.

NOAUA! Kultur Elkarteak eta Orbeldi Dantza Taldeak zenbait hitzordu antolatu dituzte otsailaren 25 eta 26rako. Hasteko, osasun krisialdian murgildu aurreko urteetako ohituretako bat berreskuratuko dute herriko dantzariek. Inauteri Festa egunaren bezperan kalejira batekin ospakizun asteburuari harrera egingo diote. Oiardo Kiroldegitik abiatuta, kalez kale ibiliko dira; "Uztaritzeko Iñauteriak dantzan" ekarriko dizkigute. Herriko txoko ezberdinetan geldialdiak egingo dituzte, eta azken saioa Usurbilgo frontoian.

Joaldunak, Orbeldi eta txaranga
BIharamunean, Inauteri Festa egun nagusia. Aurtengoan, ez da mozorrotzeko gai zehatzik proposatuko. Libreki beraz, mozorroa hautatu eta plazara! Bezperan amaitu bezala ekingo diogu otsailaren 26ari ere. 

Orbeldikoekin dantza batean aritzeko aukera izango dugu frontoian eguerdi partean. Tarte horretan, adi, gutxien espero dugun kaletik agertuko zaizkigu azken urteotako ospakizun egun ezberdinetan, girotze lanetan aritu diren herriko joaldunak. 

Arratsalde partean jarraituko dute ospakizunek; osasun krisialdiaren aurretik hainbat urtez gure artean izan genuen Burrunbazale txarangakoak bueltatuko dira herria dantza batean jartzera, Usurbilen barrena egingo duten kalejirarekin. Hari segi nahi dionak Kaxkoan zehar mozorrotuta mugitzeko aukera izango du. Bestela, iluntzeko 20:00etan amaituko dute ibilaldia Mikel Laboa plazan eskainiko duten saioarekin.


INAUTERIAK
Otsailak 25, ostirala
Orbeldi Dantza Taldekoekin, Uztaritzeko Iñauteriak dantzan:
19:00 Kalejira Oiardo Kiroldegitik abiatuta.
20:00 Dantzak frontoian.

Otsailak 26, larunbata
12:30
Orbeldirekin dantza frontoian. Mozorrotu eta etorri dantzara!
12:30-14:00 Joaldunak kalean zehar.
18:00 Burrunbazale txarangarekin kalejira. Mozorrotuta, karroza hartu eta gorputza astintzeko gogoz bazaude ez galdu kalejira!
20:00 Txarangarekin batera gora Inauteriak dantza saioa Mikel Laboa plazan.

Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Orbeldi Dantza Taldea.