"Ura", Peru Galbeteren "Beiratu" lan berriaren aurrerapen bideoklipa

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 8a, 10:21

"Ura" izeneko abesti eta bideoklipa sareratu du sortzaile usurbildarrak. Apirilean kaleratuko duen "Beiratu" izeneko lan berriaren aurrerapena duzue. Adi, Usurbil eta usurbildarrak ageri dira ikus-entzunezko honetan.

"Beiratu" izena du Peru Galbetek landu duen bere laugarren sortze lanak. "Superprodukzio bat ohituta nagoenerako", egunotan egileak berak sare sozialen bidez aipatu duenez. Baina "oso pozik eta eskertuta nago". 12 kantuez osaturiko lan berria apirilaren 1ean plazaratuko du bere osotasunean, baina aurre erosteko moduan eskuragarri jarri du perugalbete.bandcamp.com atarian. 

Aurrerapen moduan ordea, "Ura" izeneko abestia eta kantaren bideoklipa sareratu du. Albiste honi atxikitako bideoan duzue ikusgai eta entzungai. Peru Galbete herritarrarenak dira hitzak eta doinua. Paxkal Irigoienek ekoizpenean eta saxofoiarekin kolaboratu du. Herria eta herritarrak agertzen dira, Peruren eta bere gertukoen bizitzako zenbait pasarte iruditan.

12 abestiez osatutako lan berriak "bizitzari begietara begiratu (edo beiratu) nahi dio. Beiratzea ere ba delako gauza bati beiraren ezaugarri edo itxura ematea, eder mantendu dadin (nahiz eta hauskor). Eta ezinbestean, bizitzari berniz kapa bat eman ohi diogu (hondatu ez dadin agian) diskoaren azaleko egurrek dutenaren antzekoa. Txikitan, lokartu aurretik sabaira begiratzen nuenean, begi pila bat ikusten nituen egur haietan niri begira. Eta gaur egun ere, ikusten jarraitzen ditut".