Aranerreka edertzeko udal proiektuaren aurkezpena gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 9a, 09:00

Lur Paisajistak enpresako kide Iñigo Segurola paisajistak eremu honen inguruan idatzi duen proiektua aurkeztuko du asteazkenean, otsailaren 9an 18:30etan Sutegiko auditorioan. Ekitaldirako izena aurrez emateko azken eguna duzue astelehen hau, otsailaren 7a usurbilkultura.eus plataforman. Aurkezpen saioan zehar ekarpenak egin ahalko dira.

"Ibaiko ekosistema bultzatzea, ibilbide sarea indartzea, parkean zehar erakarguneak sortzea, jolasguneak areagotzea eta segurtasuna bermatzea, beti ere, jasangarritasun irizpideak oinarri hartuta". Irizpideon bueltan, “gabeziak zuzendu eta esku-hartze handirik egin gabe eremuko elementu naturalak nabarmentzeko” Aranerreka naturgunea edertzekoak zirela berri eman zuen Usurbilgo Udalak iragan iraila amaieran. 

"Sekulako altxorra, herrigunean bertan"
Agerreazpin etxebizitzak eraikiko ditu bertako lurjabe Aburuza enpresak. Aurretik ordea, ingurua urbanizatzeko lanei ekingo die, tartean, Aranerreka inguruan ere zenbait eskuhartze egingo ditu Lur Paisajistak SL-rekin batera. Xehetasunak eskuhartze eremutik bertatik eskaini zituzten Lur Paisajistak SL-ko ordezkari Iñigo Segurolak eta Usurbilgo Udaleko udal gobernu taldeko kide Lur Etxeberriak iragan udazken hasieran.

Aranerrekako naturgunea edertzera datorren egitasmoa aurkeztu zuten. Agerreazpi ondoko eremuan hobetzeko lanak egingo badituzte ere, "Aranerreka bere osotasunean aztertu eta hobetzeko azterlana egina du, udalarekin elkarlanean, Lur Paisajistak enpresak". Hartara, "eremu guztian paisaia irizpide berberak jarraitzea bermatu nahi dute". 6,5 hektareako lur eremuaz ari dira. "Usurbilgo herriak duen sekulako naturgunea, sekulako altxorra herrigunean bertan. Balioan jarri eta indartu nahi dugu", Lur Etxeberriaren esanetan.

Proiektu hau herritarrekin partekatu nahi zuen Usurbilgo Udalak. Xehetasunen berri eman eta herritarren ekarpenak jasotzeko aurkezpen ekitaldi bat deitzekoak ziren; asteazken honetan, otsailaren 9an 18:30etan Sutegin finkatu dute hitzordua.

6 irizpide
2019an abiatu zuten azterlanean, sei irizpide finkatu zituzten. "Ibaiko ekosistema bultzatzea, ibilbide sarea indartzea, parkean zehar erakarguneak sortzea, jolasguneak areagotzea eta segurtasuna bermatzea, beti ere, jasangarritasun irizpideak oinarri hartuta".

Parkearen ikuspegi osoa kontuan hartuta, hiru eremu bereizi daitezke. Jada garatua den Kaxkoko eta Artzabal inguruko eremua. "Aranerrekako erreka eta horren ingurua biziberritzeko lanak egin zituen Udalak duela hiruzpalau urte. Horrez gain, Kale Irekiak parte-hartze prozesuan, parkean jolaserako elementuak sortzeko eskatu zuten haurrek, haiekin propio egindako saioetan. Aurtengo udaberrian bertan, Kalezar azpiko zatian, garbiketa lanak egin ditu".

Erakarpen elementuez hornitua
Egitasmo honi segida eman nahi diote orain. Artzabal ingurukoaz gain beste bi eremu ditu Aranerrekak; Agerreazpi ondokoa eta azkenik, bi eremuok lotzen dituen Puntapaxeko zubi ingurua. Udalak "bi muturrak lotzeko lanak egingo ditu aurrerago". Agerreazpi ondokoa da aldiz, Lur Paisajistak SL-k asteotan garatuko duen ingurunea. "Aranerrekako parkea 800 metro luze dituen ibilbide lineala da". Ibilbide horri forma berri bat eman nahi diote, gabeziak zuzendu eta parkearen elementu naturalak nabarmentzea, "esku hartze handirik egin gabe".

Agerreazpi ondoko eremuak “erakarpen elementuak izango ditu, mahaiak, aulkiak...  Tartean gelditzen den banbuen zutabea kendu egingo dugu, espazio jarraitua izan dadin, eta haritzak ere landatuko ditugu. Bertako baserriak herrigunearekin lotzeko bide berri bat sortuko dugu, parkea oinezkoentzako soilik izan dadin", Segurolaren esanetan. 

Bideak aipatuta, eremu hau Agerreazpi eta Ugartondoko urbanizazioen artean kokatua dago. "Herrigunean bertan natur gune zabal bat izango dugu, erosoa eta atsegina. Horrez gain, herria hazten ari da [Ugartondo, Agerrazpi, Kalezar, Matia], eta, beraz, Aranerrekak guztien lotura egin dezan nahi dugu, eta, horretarako, sarbide gehiago izango ditu etorkizunean. Egunerokoan, herriko joan-etorriak erosoago izan daitezen lagunduko du, baita ere, herriko gune desberdinak lotuz”.