Marijo Lopez: "Bizitzak ihes egin zidan"

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 9a, 11:40

Marijo Lopez usurbildarraren lekukotza jaso du bart, Euskal Telebistaren lehen kateak eskaini duen Abiapuntua saioak. 

"Kontrolpean" izenburupean, "dependentziak baldintzatutako errealitateak" jorratu ditu bart Euskal Telebistaren euskarazko kateak eskaini duen Abiapuntua saioak. "Giza esperimentu" gisa aurkezten diguten programa honetan astero sei gazteek haien aurreiritziak kolokan jartzen dituen errealitate ezberdinekin elkarbizi dira. Oraingoan, aipatu moduan, dependentzien gaia jorratu dute, astero moduan, errealitate hau hurbiletik bizi duten pertsonekin.

Bildutako lekukotzen artean, oraingoan usurbildar bat elkarrizketatu dute: Marijo Lopez. "Emakumea naiz, ama eta alkoholika", hala aurkeztu du bere burua Abiapuntua saioan. Alkoholarekin izandako bizipenak partekatu ditu ETB-ren lan taldearekin, herrian bertan, Mikel Laboa plazaren bueltan nahiz Lasarten terapia saioen gunean, AERGI-ren egoitzan eginiko grabazioetan. Euskal Telebistari azaldu dionez, "bost urte eta erdi daramat ezer hartu gabe".

"Eskuetatik joan zitzaidan"
Denbora tarte bera, Mikel Laboa plaza ingurua zeharkatu gabe. ETB-ren lan taldearekin hain zuzen ingurune horretatik igaro da eta alkoholarekin izan duen hartuemana azaldu du. "14-15 urterekin hasi nintzen edaten asteburuetan", eta denborarekin gehiagora joan zen. 22 urterekin taberna bat bere gain hartu eta lanean hasi zen. Baina denborarekin "eskuetatik joan zitzaidan. Droga guztiak probatzen hasi eta bizitzak ihes egin zidan". Azken urteetan azaldu duenez, alkohola "arnasa hartzea bezala behar nuen". 

Oroitzen du ama izanda, ikastolara semearen bila edanda joaten zeneko garaia. Edan gabe "ezin nintzen etxetik atera". Semea jaso eta ohikoa zen "zerbait hartzera joatea". Semeak behin zergatia galdetu zion, bere lagunak parkera joaten zirela ohartaraziz. "Semearekin haserretu nintzen egun hartan, baina arrazoia zuen".

"Gure gizartean normaltasun gehiegirekin edaten da"
Ametsgaizto hartatik esnatu nahi zuela azaldu dio ETB-ri. "Erruduntasun handia, lotsa" sentitzen zituela. Substantziekiko menpekotasuna lantzen duten AERGI-ren Lasarte-Oriako egoitzako terapia saioetara joaten hasi zenean ordea bere egoera iraultzen hasi zen. Hasteko "ezusteko handia" izan zuen bertan topatu zituen kideekin. "Jende normala zen, ni bezala, nire adineko emakumeak...". Bere burua eta ingurukoena ezagutzeko ezinhobeto etorri zaiola nabarmendu du. Eta alkohola utzi du eta berarekin lehengo bizimodua. "Jendea kezkatuta zegoen zer egingo nuen tabernara joan gabe". ETB-ri oroitarazi dio nola anaia duela bi urte ezkondu zitzaion, zeremoniara joan zela eta geroko ospakizunetan ez zela egon. 

"Gure gizartean normaltasun gehiegirekin edaten da", dio Lopezek. Legala denez, "jendeak ez du droga gisa ikusten, baina droga bat da". Ez da berdin ikusten ezta, "gizon bat edo emakume bat mozkortuta". Bere esanetan, "gizarteak honi buruz pixka bat pentsatu beharko luke". 

Aipatu moduan, bost urte eta erdi darama alkohol tantarik probatu gabe; "gaur egun harro nago nitaz, egin dudan lanarekin. Orain arte maskara piloa izan dut, baina orain maskararik gabeko Marijo naiz".

Bere lekukotza albiste honi atxikitako ETB-ren bideoan ikusi eta entzun dezakezue. Euskal Telebistak bart eskainitako Abiapuntua saio osoa aldiz, esteka honetan: Abiapuntua