Sutegi udal liburutegiak sortzaileekin haien lanez aritzeko antolatu izan dituzten solasaldiei lotuta, hurrengo hitzordua martxoaren 9rako iragarri du. Oraingoan, Usurbilgo Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean eta sorkuntza lanak berak Usurbil izango du hizpide. Uxue Alberdi Estibaritzek idatzitako "Ibaia: Uxue Alberdik Usurbilgo hirigintza fabulatzen du" kontakizuna hain zuzen. Martxoaren 9an aurkeztuko du egileak berak iluntzeko 19:00etan hasita Sutegiko auditorioan. Hitzordurako izena ohi bezala, usurbilkultura.eus plataforman bideratu ahalko da.
Hilabete falta da ekitaldirako, baina deialdia garaiz plazaratu nahi izan du Sutegi udal liburutegiak, liburuxkak eskuragarri jarri dituela ohartarazteko.
"Genero-ikuspegidun hirigintzaren ondorio eraldatzailea irudikatzen du" Alberdik lan honetan. "Neure fabula, Usurbilgo arkitektura feministaren proiektutik eta Txirikorda" belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektutik abiatzen dela azaltzen du ondoko bideoan. "Bi pertsonaia nagusiren bueltan jokatzen da trama. Bi arkitektu dira 85 urte inguruan dabiltzanak eta garai batean Madrilen fakultateko talde feministan elkar ezagututakoak. Fabula hemendik 50 bat urtera kokatzen da, beraz 50 urte atzera parte hartu zuten herri horretako eraldatze feministan. Pertsonaia nagusiaren, Luzen semeak alde egin zuela herritik, Luzen utopia ez zelako jasangarria haren semearentzat eta beste batzuetntzat".
"Oreina" inspirazio iturri
Lana osorik, zirriborroaketagero.net atarian eskura dezakezue irakurri edota entzuteko. Baita aipatu moduan Sutegi udal liburutegian ere. "Zirriborroak eta gero, kontakizunak eta fabulak mundu posibleei buruz, alternatiba eta utopien etorkizuna irudikatzen duten ipuin laburren bilduma" da. "Egun dauden esperientzia zehatzetatik abiatzen dira ipuin horiek".
Alberdiren sortze lana bezala. Hirigintza feministaren gaia jorratzen du, Usurbilen kokatuta. Gai honi buruz hausnartzerakoan, "hirietan askotan esaten da, premisetako bat dela norbera seguru sentitzeko jakin behar duela non dagoen eta non dauden irteera bideak. Baina ni Usurbilen kokatzen nintzen, herri txiki batean, naturatik gertu. Eta orduan hasi nintzen pentsatzen zerk emango lidakeen niri halako leku batean segurtasuna eta ohartu nintzen ezinbestekoa zitzaidala naturarekiko harremanaz pentsatzea. Iruditzen zitzaidan etorkizun horretako biztanleek jakin behar zutela inguratzen zituena izendatzen".
Koldo Almandozek 2017an gehienbat Aginagan, errioan grabatutako "Oreina" filma izan du inspirazio iturri nagusi, "paisaiari dagokionez, benetan alternatiba errela hor gertatzen delako. Ibaia izena du fabulak". Hala, korrontearen kontra ibiltzean, arkitekturari lotutako objektuetan jarri du arreta. "Pentsarazi dit belaunaldien arteko harremanetan. Ama feminista baten utopia nola izan daitekeen, une batean haren semeak ihes egiten dion zerbait. Zer den ama feminista bat izatea, zer den arktiketura hori, ama arkitektura gisa nola dagoen eraikia".
Etorkizunaz idaztea
Egileak berak dioenez, "orain arte egin dudan enkargurik zailena izan da". Aurrera begirako alternatibei begira jarri du. "Une batean iritsi zaitezke korapilo batera, mundua zeuk soluzionatu beharko bazenu bezala". Baina esperientzia aberasgarria izan dela dio, "izan da beldurra kentzea etorkizunari idazle bezala".
Esperientzia honi esker izan ez balitz, etorkizunaz ez zuela idatziko dio Alberdik. Baina orainaldiaz bezala, datorrenaz "pentsatzeko ere buru, posizio eta geografia desberdinak eta norberak beretik egitea interesgarria litzateke".