Koronabirusa

Gaurtik musukoa jantzi beharrik ez kalean ezta eskoletako jolastokietan ere

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 10a, 12:21
2020ko Kultur Biran, herritar bolondresak ekitaldien gunea musukoak jantzita egokitzen.

Ostegun honetatik aurrera kalean ez da derrigorrezkoa izango musukoa janztea, jende pilaketak edota ekitaldi jendetsuak ospatzen direnean bai. Musukoa janzteak derrigorrezkoa izaten segiko du baita gune itxietan. Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez gainera, eskoletako jolastokietan ere gaztetxoek ez dute musukorik jantzi beharko.

Gure janzkera eta itxuraren ohiko osagarrian bilakatu den musukoa jantzi beharrik ez da izango gaurtik (otsailak 10) kalean gaudenean, gune itxietara sartzerakoan bai ordea. Hala erabaki zuten astelehenean Espainiako Gobernua eta autonomia erkidegoetako gobernuak biltzen dituen lurralde arteko osasun batzordeak. Erabaki hau astearteko Ministroen Kontseilura eraman zuen Espainiako Gobernuak eta onarpena eman zitzaion.

Erabaki hau asteazkeneko (otsailak 9) Estatuko Aldizkari Ofizialak kaleratu zuen eta argitalpen horretan iragarri moduan, gaur jarri dute indarrean. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak bertan dioenez, txertatuen kopuruak eta transmisioa kontrolatzeko urtarrilera arte indarrean izan diren gainerako estrategiek epidemiaren kontrolean aldaketak sartzea ahalbidetzen dute.

Estatuko Aldizkari Ofizialak gogorarazten du, urtarrilaren 21ean jo zuela goia "seigarren olatua" deitu diotenak, 100.000 biztanleko 14 eguneko 3.148 kasuko intzidentziarekin. Egun bakar batean izandako kasuen kopuruak aldiz egun batzuk lehenago, 170.000 positiborekin. Ordutik, beherakada egonkortu dela ohartarazten du aipatu argitalpenak. Otsailaren 4an, 2.299ko intzidentzia eta 60.000 positibo zenbatu zituzten estatuan. Gaineratzen duenez, aurreko "olatuekin" alderatuta, 10-22 aldiz ospitaleratu eta hildako gutxiago eragin ditu azken olatu honek.

Jende pilaketetan eta ekitaldi jendetsuetan bai
Testuinguru honetan, musukoaren erabilera covid19aren hedapena kontrolatzeko giltzarritzat jotzen du Osasun Ministerioak. Baina transmisioaren ikuspuntutik, bere erabilera eraginkorragoa dela gune itxietan edota jende pilaketak izaten direnean, kalean baino. Horregatik gune irekietan, kalean musukoaren erabilera derrigortzeko agindua ezabatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Aldiz, derrigorrezkoa izaten segiko du ekitaldi jendetsuetan edota jende pilaketak daudenean eta zutik garenean. Eserita egonez gero, kasuotan 1,5 metroko segurtasun tartea bermatu ezin denean. Garraio zerbitzuetan eta geltokietan erabiltzen segi beharko dela ohartarazten du. Baita aipatu moduan, leku itxietan.

Derrigortasun honetatik salbu geratuko dira, orain arte bezala, arnasa hartzeko zailtasunak edo gaixotasunak dituztenak, autonomia faltagatik bere kabuz musukoa kendu ezin dutenak, edota jokabide alterazioak dituztenak, ekintza zehatzek musukoa janztea eragozten dutenean, edota kolektibo zehatzen bizileku diren guneetan, adinekoen egoitzetan esaterako. Guneotan ordea langileek eta bisitariek bai, derrigorrez musukoa janzten segi beharko dute.

Espainiako Gobernuak onartu eta ostegun honetatik (otsailak 9) indarrean den erabakiari buruzko dekretua osorik, esteka honetan irakur dezakezue erdaraz: otsailaren 8ko Estatuko Aldizkari Ofiziala

Eskolako jolastokietan ezta
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ostegun honetan berri eman duenez gainera, ikasleek musukoa ez dute jantzi beharko eskolako jolastokietan.