Koronabirusa

Igandetik aurrera egungo neurri murriztaileekin zer egin erabakiko du gaur Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 10a, 07:33

Ostegun iluntze honetan emango du ezagutzera Eusko Jaurlaritzak, otsailaren 13ra arte indarrean den egungo dekretuko neurri murriztaileekin zer egingo duen; neurrioi eutsi, arindu edo gogortu.

Gogoan izan egun, urtarrilaren 28ko dekretua dago indarrean otsailaren 13ra arte. Aurreko asteetako neurri murriztaileei eustea erabaki zuen orduan Eusko Jaurlaritzak, covid19 ziurtagiriaren erabilera eremu gehiagotara zabaltzea ere bai. Iragan astean ordea EAE-ko Auzitegi Nagusiak erabaki hau bertan behera utzi eta soilik 50 bezerotik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdi guneetan baimendu zuen eskatzea aipatu ziurtagiria. Bi egun beranduago, otsailaren 3an Jaurlaritzak berak erabat bertan behera utzi zuen ziurtagiri hau eskatzea.

Azken astean, gainerako neurriei eutsi zaie. Ostegun honetan musukoa kalean erabiltzeko derrigortasuna ezabatu da. Ikusteke da orain, Eusko Jaurlaritzak zer erabakiko duen hurrengo asteei begira. Ostegun arratsalde honetan biltzekoa da LABI-a eta iluntzeko 19:30ak aldera agerraldia iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Momentuz, neurriok egongo dira indarrean igandera arte:
1.– 2022ko otsailaren 13ra arte, beranduenez 01:00ean itxiko dira merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak, bai eta ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta antzekoak ere. Beren jarduerarako arauz ezarritakoaren arabera lehenago itxi behar diren establezimenduak eta tokiak dagokien araudian ezarritako orduan itxiko dira.

Lurralde historiko bakoitza baino eremu txikiagoko garraio publikoak 02:00etan abiatuko dira beranduenez.

2.– Oro har, 2022ko otsailaren 13ra arte, % 60ko edukiera-muga ezartzen da mota guztietako establezimendu eta barrualdeko esparruetan.

3.– Gainera, ekitaldien esparruan, aldi bererako honako edukiera-muga hauek ezartzen dira:

– Gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako esparruetan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 800 pertsona kanpoaldean.

– 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 1.200 pertsona kanpoaldean.

– 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko aforoa % 50ekoa izango da, hargatik eragotzi gabe estatu osorako ezarritako beste muga bat aplikatu behar izatea.

4.– Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatu egiten da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez ere 10 lagunera mugatzen dira, bai barrualdean bai terrazetan. Era berean, mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izango da.

Ostalaritza-establezimenduei aplikatzen zaien araubide bera aplikatuko zaie txokoei, gazte-lokalei edo elkarte gastronomikoei.

5.– Aldi bererako, hau zehazten da: barrualdeko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu beharko da; aldagelen erabilera % 50eko okupaziora mugatuko da, eta dutxak banaka erabiliko dira, edo pertsonen artean bi metroko distantzia gorde beharko da.