"Hauskor"

Odolaren Mintzoa taldekoen abesti bilduma berria eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 10a, 10:51

Iragarri moduan, "Hauskor" lan berria kaleratu du Odolaren Mintzoa talde usurbildarrak. Gogoan izan, otsailaren 19an eskainiko du laukote usurbildarrak lehen aurkezpen kontzertua Aginagan.

Lau urteren ostean heldu da Odolaren Mintzoa lan berria; "Hauskor". Jokin Irastorzak, Beñat eta Joanes Txuekak eta Luken Arkarazok iragarria zuten moduan plazaratu dute abesti bilduma berria. Euskarri fisikoan nahiz digitalean entzun ditzakezue laukotearen sortze lan berriak. Online bidez, esteka honetan: Odolaren Mintzoa. Usurbilen Aitzaga eta Txirristra tabernetan eskura dezakezue 10 eurotan.

"Burua tente", "Biluzik", "Azken hondartza", "Eredu berria", "Ispilua", "Dos pueblos una voz", "Katea" eta "Azkenak". Kantu berrien izenburuak dituzue horiek guztiak. "Azkenak" ezagunagoa izango zaizue bati baino gehiagori, aurrerapen kantu gisa aurkeztu baitzuen taldeak berriki sareratu zuen bideoklip bidez.

Sarrerak salgai
Aurten 14 urte beteko dituen taldetik sare sozialen bidez diotenez, "nork esango zigun, Udarregiko Erdiko Aretoan estreinakoz aritu ginen DBH3-4ko lau nerabe horiei oraindik bazterrak nahasten ibiliko ginenik, hainbeste urteren ondoren. Laugarrena badator, "Hauskor", lagun artean, beti bezala. Animatu, bizitza ospatzeko festa izango da!", iragarri dute.

Lan berria datorren otsailaren 19an aurkeztuko dute Aginagako Eliza Zaharrean antolatu duten kontzertu gauaren baitan. 22:30etan hasita lehenbizi, Maddi eta Elene herritarrak igoko dira oholtza gainera eta segidan, aipatu moduan, Odolaren Mintzoa. Eliza Zaharra elkarguneak antolaturiko hitzordurako sarrerak salgai dituzue jada 8 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.

"Arrakaletan igerian"
"Etsipenaren Aurka" kaleratu zutenetik 4 urtera dator "Hauskor" lan berria. "
Lan honen eraikuntza prozesuan gure barne pitzaduretan, arrakaletan igerian ibili gara. Eta hona hemen emaitza, gure barneko zein kanpoko munduko zaurgarritasunez abesten duen kantu bilduma. Hauskorrak garela onartzea ez delako ahultasunaren adierazle, bidean zutik mantentzen garelaren seinalea baizik".