Usurbilgo Udalaren esanetan, "herriko eskaintza, kirol instalazioak, kluben kudeaketa eta dirulaguntzak edo Eskola Kirola izango dira landuko dituzten gai nagusiak", Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren plan estrategikoa garatzeko abian jarri berri duen "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" parte hartze prozesuan zehar.
"Herritar guztiak gonbidatu nahi genituzke modu batean edo bestean prozesuan parte hartzera", adierazi zuten udal gobernu taldetik urtarrilaren 31n, "denon laguntzarekin jarduera fisikoaren eta kirolaren alorrean Usurbilen hartu nahi den norabidea finkatu nahi dugulako". Eta "kirola eta jarduera fisikoaren onurak ukaezinak" izanik urtarrilaren 31ko agerraldian gogorarazten zuten moduan, "aktiboak diren herritarrak horretan jarrai dezaten eta inaktiboak direnak aktibatzen hasi nahi dugu". Hortik, egitasmoaren leloa; "aktibatzen".
Galdetegia paperean eta digitalean
Prozesu berri honetan hitza hartzeko bide ezberdinak zabaldu ditu Udalak. Batetik, usurbil.eus/aktibatzen atarian klikatzen baduzue zuen posta elektronikoaren helbidea adierazita ekarpenak egiteko modua duzue. Otsailaren 18ra arte bestalde, datozen bi asteotan galdetegia betetzeko aukera izango da baita. Esteka honetan klikatuta hain zuzen: usurbil.eus/aktibatzen/galdetegia . Paperean egunotan eskuragarri jarri dute baita Sutegin, Oiardo Kiroldegian eta udal erregistroan, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.
Alor honetako eragileekin ere biltzen hasia da Udala. Bilera irekiak deituko dituzte martxoan eta prozesu honi begira osatu duten talde eragilearen saioak finkatu dituzte apirilean. Plan honen ildo estrategikoak definitzen lagunduko duen hausnarketarako talde eragilea osatu dute eta kideokin; Josune Iparragirre, Iban Maritxalar, Ana Errasti, Jon Mikel Azpiazu, Oidui Usabiaga eta Uxue Fernandez Lasarekin.
Prozesua kirol alorreko aholkulari Juanma Muruak dinamizatuko du. "Herritar guztiak parte hartzera animatzen ditugu. Guztion iritzia interesatzen zaigu, bai pertsona aktiboena kirolarekiko duten ikuspegia jasotzeko zein inaktiboen iritziak ere; zergatik ez diren hain aktiboak, ze oztopo aurkitzen dituzten...", Muruaren esanetan.
"Herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu"
Jarduera fisikoa eta kirola modu "zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" eta erronka berriei heltzeko bideratu nahi dute hausnarketa kolektiboa; "ondo egiten dena indartu eta herri bezala ditugun hutsuneak eta gabeziak antzemateko ordua da. Kolektibo ezberdinen beharrak entzun eta ahal ditugun herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu. Gure erronka ikuspegi zabal eta inklusibo bat garatuko duen kirol politika bat diseinatzea izango da, izan jaioberri edo adinekoentzako, edozein dela ere norberaren generoa edo sexu orientazioa, non arrakala sozioekonomikoa ez den oztopo izango eta euskarazko eskaintza anitza izango dituen ardatz".
Prozesuaren egutegia
-Otsailak 7-18: galdetegia.
-Otsaila: Klubekin bilerak.
-Martxoa: bilera irekiak.
-Apirila: talde eragilearen bilerak.
Informazio gehiagorako eta ekarpenak online egiteko aukera hemen:
usurbil.eus/aktibatzen