2021eko azken hiruhileko ur-hornidura, zabor-bilketa eta estolderia tasak ordaintzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 10a, 09:04

Zerga hauek ordaintzeko borondatezko epea zabaldu du Usurbilgo Udalak. Gogoan izan, zerga hauei begira hobariak eskuratzeko eskaintza zabaldu duela Udalak.

Ur-hornidura, zabor-bilketa eta estolderia tasen 2021eko laugarren hiruhilekoaren errolda onetsi eta hilabetez jendaurrean jarriko du Usurbilgo Udalak bihartik (otsailak 11), ostegun honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez. Horrekin batera, zerga hauek ordaintzeko borondatezko epea martxoaren 1era arte zabalik egongo dela ohartarazi du. 

Gogoan izan, besteak beste, zerga hauei begira, hobariak eskuratzeko aukera dagoela. Udalak hain zuzen, hobarien eskaintza nabarmen handitu du Usurbilgo Udalak, "aberastasunaren banaketa justuago baten alde". Alegia, lehen baino zerga gehiagotarako onura ekonomiko gehiago jasotzeko aukera izango da, bizikidetza unitateen kide kopuruaren eta diru-sarreren arabera. Udalak kalkulatua duenez, 4.000tik gora herritar izan daitezke hobari hauen onuradunak. 

Eskabideak aurrez aurre nahiz telematikoki
Aurten aipatu moduan, zerga gehiagotan aplikatuko ditu Udalak hobariak: ur hornidura zerbitzuan, hondakinen bilketa eta tratamenduan (etxebizitzei dagokien tarifa finkoan), estolderia zerbitzuan, hileta zerbitzuetan (ehorketetan eta hobitik ateratzean, panteoikoak izan ezik), udal-baratzeen erabileran, Oiardo Kiroldegiko abonu eta ikastaroetan, Haur Eskolan eta Udajolasen.

Hobariak Usurbilgo Udaleko kontu hartzailetzan eska daitezke. Baita posta arruntez nahiz online ere usurbil.eus/zerbitzu-telematikoak atarian edota B@KQ txartela baliatuta. Eskabideak doan bideratu ditzakete, Usurbilen erroldatuak dauden zerbitzuon titularrek.

Urte berrirako ordenantza fiskalak iraila amaierako udalbatzarrean onartu zituzten hasieraz. Inork erreklamaziorik aurkeztu ez ostean, behin betiko onartu zituen Udalak urte amaieran. Xehetasunak esteka honetan dituzue: abenduaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.