Koronabirusa

Osasun larrialdia eta neurri murriztaileak bertan behera, astelehenetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 10a, 20:25

Bi hilabetez indarrean izan den osasun larrialdi egoera bertan behera uztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak otsailaren 14tik aurrera. Eta horrekin, indarrean ditugun neurri murriztaileak. Zuhurtziaz jokatzen segitzea galdegin du Jaurlaritzak.

Akabo. Urria hasieran bertan behera utzi eta abenduaren 2an berriz dekretatu zuen osasun larrialdi egoerari amaiera ematea erabaki du Eusko Jaurlaritzak datorren otsailaren 14tik aurrera, ostegun arratsalde honetan LABI aholku batzorde teknikoak egin duen bileraren ostean. Eta erabaki horrekin, covid19aren hedapenari aurre egiteko indarrean ditugun neurri murriztaileak ere bertan behera geratuko dira, astelehenetik aurrera. Hala erabaki du LABI-ak ostegun arratsalde honetan. Honenbestez, denetariko jarduerek ez dute gauean orain arteko amaiera ordurik izango, edota edukieren mugak ere eten egingo dira lau egun barru. 

Urria hasierarako egoerara itzuliko gara honenbestez. Neurri murriztailerik gabeko testuingurura; prebentzio neurriak betetzeko eskakizunari eutsiko zaio soilik; musukoari. Gogoan izan gaurtik kalean erabiltzea ez dela derrigorrezkoa ekitaldi nahiz gune jendetsuetan izan ezik. Eremu itxietan janzteak derrigorrezkoa izaten segiko du. Musukoaren erabilerarekin batera estalitako eremu hauek egoki aireztatzea ere galdegin du Jaurlaritzak. 

Honenbestez, otsailaren 13ra arte, igandera arte neurri murriztaileok segiko dute indarrean. Otsailaren 14tik aurrera neurriok geratuko dira bertan behera:

1.– 2022ko otsailaren 13ra arte, beranduenez 01:00ean itxiko dira merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak, bai eta ostalaritza- eta jatetxe-establezimendu eta antzekoak ere. Beren jarduerarako arauz ezarritakoaren arabera lehenago itxi behar diren establezimenduak eta tokiak dagokien araudian ezarritako orduan itxiko dira.

Lurralde historiko bakoitza baino eremu txikiagoko garraio publikoak 02:00etan abiatuko dira beranduenez.

2.– Oro har, 2022ko otsailaren 13ra arte, % 60ko edukiera-muga ezartzen da mota guztietako establezimendu eta barrualdeko esparruetan.

3.– Gainera, ekitaldien esparruan, aldi bererako honako edukiera-muga hauek ezartzen dira:

– Gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako esparruetan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 800 pertsona kanpoaldean.

– 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona bildu ahal izango dira barrualdean, eta 1.200 pertsona kanpoaldean.

– 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko aforoa % 50ekoa izango da, hargatik eragotzi gabe estatu osorako ezarritako beste muga bat aplikatu behar izatea.

4.– Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatu egiten da zutik kontsumitzea, eta mahai bakoitzeko edo mahai-multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez ere 10 lagunera mugatzen dira, bai barrualdean bai terrazetan. Era berean, mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izango da.

Ostalaritza-establezimenduei aplikatzen zaien araubide bera aplikatuko zaie txokoei, gazte-lokalei edo elkarte gastronomikoei.

5.– Aldi bererako, hau zehazten da: barrualdeko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu beharko da; aldagelen erabilera % 50eko okupaziora mugatuko da, eta dutxak banaka erabiliko dira, edo pertsonen artean bi metroko distantzia gorde beharko da.