Usurbilgo kulturgileen elkargunea eraikitzen segitzeko hirugarren lan saioa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 11a, 07:14

Herriko kultur eragileen bilgunea eraikitzen jarraitzeko hirugarren lan saioa deitu dute larunbat goizerako, otsailak 12, 10:00etan Potxoenean.

Kulturgileentzako hitzordu berria larunbat honetan, otsailaren 12an; goizeko 10:00etan hasita arloko topagunea eraikitzen segitzeko lan saioa. Prozesua azaroan aurkeztu eta martxan jarri zutenetik hirugarrena. Aurreko bi bilresan, 

Azken bileran, herrian egin ohi diren ekitaldi nagusiak behatu eta marko teoriko batean oinarrituta, azterketa sakonak egin zituzten talde txikitan. Sormenetik abiatu, zein espazio erabiltzen diren aztertu, komunikazio biderik ohikoenak aurreikusi eta transmisio iturri nagusiak zerrendatu zituzten. Hori guztia modu sakonagoan aztertzeko, ekosistema osatzen duten elementuak aztertu zituzten, ondo baino hobeto baitakite elementu bakoitza ezin garrantzitsuagoa dela kultura sustatu eta zabaldu eta kulturzaletasuna sortu ahal izateko. 

Sortzaileak ezinbesteko elementuak dira kulturzaletasuna bultzatzeko bidean, baina prozesu hori luzea dela ondo baino hobeto dakite kulturgileek eta antolatzaileez gain, hedabideak, hezitzaileak eta zaleak ezinbesteko dituztela ondo baino hobeto dakite. Ikuspuntu teoriko hori guztia praktikan jarri zuten Usurbilen egin ohi diren ekintza nagusiak adibidetzat hartuta: Dantza Eguna edo urterokoak diren ekitaldi jendetsuenak eta potoloenak aztertuta. 

Bigarren bilerarako elementu horien atzean dauden eragile nagusien mapa zehaztuta zeukaten kulturgileek, baina bigarren honetan kasuak banan-banan aztertu dituzte herriko funtzionamendua marraztu eta nola hobetu daitekeen ikusteko. Gisa honetara, kulturgileen elkargune izango denak eragiteko plan nagusi bat izango du eta ustez modurik eraginkorrenean eragin ahal izango du ahalik eta jende gehien kulturara hurbildu eta kulturzale berriez gain, kulturgile berriak ere sor daitezen. Talde txikitan ariketa ugari egin zituzten gaiari zukua ateratzeko, eta ondorio orokor batzuk atera ostean, hurrengo saioan gehiago sakontzeko aukera izango dute.