Koronabirusa

Osasun larrialdia eta neurri murriztaileak bertan behera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 14a, 08:47

Indarrean dira Eusko Jaurlaritzak onarturiko azken dekretuak; bertan behera geratu da osasun larrialdia baita azken aldiko neurri murriztaileak ere. Gune itxietan musukoaren erabilerak izaten segitzen du derrigorrezkoa soilik.

Urritik indarrean dugun osasun larrialdi egoera eta azken asteotako neurri murriztaileak bertan behera geratu dira. Hala erabaki zuen osteguneko LABI-an Eusko Jaurlaritzak. Erabakitakoaren xehetasunak larunbatean ezagutarazi zituen Gasteizko gobernuak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez.

Oraingoan bat ez, hiru dekretu kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzak; lehenengoa, osasun larrialdi egoera bertan behera uzteko, bigarrena indarrean diren neurri murriztaileak eteteko; eta azkena, bilakaera epidemiologikoa aztertu eta horren araberako erabakiak hartzen aritu den LABI aholku batzorde teknikoa desegiteko.

Osasun larrialdiaren amaiera
Osasun larrialdiko egoeraren amaiera "deklaratzen" du lehenengo dekretuak, astelehenetik, hilaren 14tik aurrera. Horrekin batera, "osasun larrialdiaren ondoriozko neurriak ondoriorik gabe geratzea". Zehazkiago esanda, azken bi dekretuak; abenduaren 28ko eta urtarrilaren 28koa. Horrekin batera LABIren aholku batzorde teknikoa desegitea ere erabakitzen du dekretu honek. Halere "neurri berriak hartzeko araubidea" onartzeko bidea zabalik uzten du Jaurlaritzak. "Osasun Sailak une oro zehaztu ahal izango ditu osasun-dispositiboa aktibatzeko erritmoa eta beharrizanak, bai eta osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta geldiarazte-neurriak berraktibatu, berreskuratu edo abian jartzea ere, covid19-aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, eta jarraipen sistematikoari eta kasuen eta kontaktuen kudeaketa eraginkorrari eutsita".

Prebentzio neurriei eusteko deia
Egungo neurri murriztaile gehienak bertan behera uzten dituen bigarren dekretuak prebentzio neurriei eusteko beharra nabarmentzen du; musukoaren erabilera gune itxietan (pertsona kalteberen kasuan uneoro janzteko gomendioa) metro eta erdiko segurtasun tartea, eskuen garbiketa eta "arreta berezia jarriko da esparru itxietan". Ildo horretan, gune itxietako aireztapenari erreparatzea eskatzen du Eusko Jaurlaritzak. "Erabilera publikoko establezimenduek eta lekuek etengabeko aireztapena eta bermatu beharko dute egunean zehar, bai eta lokalak irekitzean eta ixtean ere". Besteak beste, "CO2 neurgailuak erabiltzea gomendatzen da".

Gainerakoan, "ordutegien ohiko erregulaziora" itzuliko dira jarduerak eta establezimenduak, egungo goizaldeko 1:00eko itxiera ordua ezabatuko da beraz.

Bada beste aldaketa bat ere. 100.000 biztanleko 14 eguneko koronabirusaren intzidentzia 400etik gorakoa den udalerrietan, "jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea" galdegiten du dekretuak, "edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu agindu honetan jasotako prebentzio-neurriak betetzea". Bereziki dekretuak aipatzen duenez, musukoaren erabilera zailtzen duten ekitaldi jendetsuetan, "jan edo edan egingo dela aurreikusten denean". Era berean, jende pilaketak gertatzea aurreikusten denean, "espazioa handitzea", "igarobide-korridoreak ezartzea" eta jan edota edateko eremuak mugatzea galdegiten du. Eta ekitaldiak ahal dela kanpoan antolatzea.

LABI-aren desegitea
Osasun krisialdi honetan zehar, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietarako erabaki murriztaileak hartzen aritu den LABI aholku batzorde teknikoa desegitea erabaki du baita Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez.

Informazio gehiagorako: otsailaren12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria