Udal dirulaguntzen plan estrategikoaren 2022ko eranskinaren onarpena

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 14a, 10:03

Urtarrilaren 27ko udalbatzarrean 2020-22 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 2022ko eranskinaren onarpenaren erabakia plazaratu du Usurbilgo Udalak astelehen honetako (otsailak 14) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.

Eranskin berri horren baitan bi udal dirulaguntza lerro berri iragarri ditu Usurbilgo Udalak. Orain arte Usurbilgo Udalak zuen diru-laguntza eskaintza zabalari beste bi lerro batuko zaizkio aurten; batetik, kultur sorkuntza sustatzeko herriko sortzaileei zuzenduriko laguntza lerroa. Eta bigarrenik, Gizarte Zerbitzuen alorreko beste bat; une zehatz batzuetan oinarrizko beharrak asetzeko ezintasuna dutenentzat, gainerako laguntzetatik kanpo geratzen diren herritarrei zuzendua. Momentuz 10.000 euroko partida bideratu asmo du udal gobernu taldeak lerro berri honetara. “Behar handiagoa balitz, diru partida handituko genuke”, argitu zuten EHBildutik azken udalbatzarrean. Gizarte babesa bermatzeko legealdiko apustuaren baitan kokatzen du udal gobernu taldeak diru-laguntza berri hau.

Kultur sorkuntzara bideraturikoarekin batera, biak lerro berriak, 2019an onartu zuten Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuko dituzte. Hala egitea babestu zuen udalbatzak aho batez urtarrilaren 27ko osoko bilkuran. Plan estrategikoa hiru urtekoa da. Aipatu moduan, 2019an onartu zuten, 2020tik 2022ra bitarteko indarraldia izango du. Arloz arlo, Udalak eskaintzen dituen diru-laguntza guztiak biltzen ditu aipatu plan estrategikoak; euskara, garapen ekonomikoa eta enplegua, gazteria, Gizarte Zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza, idazkaritza, ingurumena, kirola, kultura eta nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetakoak hain zuzen.

Eskabideak laster
Laster zabalduko da aurtengo diru-laguntza lerro guztietara eskabideak aurkezteko epea. Udal gobernu taldeak dituen aurreikuspenen arabera, hilabete erdialdera Tokiko Gobernu Batzarrean onartu eta hilabete amaiera aldera eskariak tramitatzen hasteko aukera eman nahi die Udalak interesa izan dezaketen norbanako nahiz herri eragileei.