8 formako bide-sare irisgarria Aranerrekan, auzoak eta erdigunea lotzeko

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 14a, 11:20

Aranerreka ardatz gisa hartuta, bere bueltako lur-eremua auzuneen eta Usurbil erdigunearen arteko lotune irisgarrian bilakatu nahi du Usurbilgo Udalak aurkeztu duen aurreproiektuarekin.

"Zirkuitu itxi bat bideratzea, jendearen joan etorrirako, parkeaz osoki gozatzeko". Zortzi formako bide-sare bat izatea, hortxe Puntapaxeko zubitik gora Agerreazpi alderantz dagoen Aranerrekako eremurako Usurbilgo Udalak plazaraturiko proposamena. Otsailaren 9an Sutegin eginiko ekitaldian aurkeztu zuen hain zuen, Lur Paisajistak enpresak Usurbilgo Udalaren enkarguz diseinaturiko egitasmoa. "Zortzi formako bide-sarea, bi ertzeetan eta erdigunean erakarpen poloak dituela". Guztia noski, Aranerrekaren bueltan. Gunearen, errekaren "potentzialtasuna" nabarmendu zuen Lur Paisajistak enpresako ordezkari Iñigo Segurola paisajistak. "Urarekin interaktuatzeko gune zoragarria" dela zioen.

Aipatu erreka "ardatz ekologiko gisa indartzeko aukera" ematea da sustatu nahi duten proposamenarekin. Udal gobernu taldetik ezinbestekotzat jotzen duten irizpidean, irisgarritasunean oinarrituta. 

Proposamen irisgarria, "oinezko bideen bidez, auzune ezberdinak lotzeko". Kalezar, Olarriondo edota eraikitzen ari diren Ugartondoko auzune berria, Usurbilgo erdigunearekin hain zuzen. Aisialdi gune izatetik haratagoko proposamena da honakoa udal gobernu taldearen esanetan, "lotune" gisa aurkeztu zuten Sutegin, "ardatz egituratzaile" gisa.

Egungo izaera indartzea, eskuhartze nabarmenik gabe
Egun Puntapax kaleko zubiak bitan banatzen duen Aranerreka ertzeko 800 metro luzeko eta 6,5 hektareako berdegunea bere osotasunean jorratu eta lotu nahi du Udalak. Gabeziak zuzendu nahi dituzte, "parke izaera indartu" eskuhartze "handirik egin gabe". Alde horretatik, "era xume eta jasangarrienean" landutako aurreproiektu gisa aurkeztu zieten Aranerrekako egitasmoa herritarrei.

1,2 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen eskuhartze nagusia Puntapax kaletik gorako eremuan aurreikusten da. Aurrekontu horretatik at dago, Olarriondo eremuko zatia, Sutegiko aurkezpenean argitu zutenez hain zuzen, "parkearen bukaera goialdean eraiki asmo dituzten etxebizitzen" urbanizazioaren sustatzaileek garatu behar dute. Haien gain hartuko dute zati horren kostua, 450.000 eurokoa. Puntapax kaletik gorako eremuaren amaieran aisialdirako mahai batzuk kokatzea proposatzen dute. Dauden banbuak sustraitik kendu, eta hainbat zuhaitz landatzea, haltz eta haritzak tartean. Eremua oinezkoentzako izateko bide berri bat sortuko dute inguruko baserrietara joateko. Pasarela berri bat, bertatik Harane futbol zelaira igotzeko. Horrez gain, baratzak txukundu eta "erdigunean putzu bat" kokatu nahi dute.

Hortik behera Artzabal inguruan ere eskuhartzerik izango da. Egungo bide-sareari Kalezar Kaxkoarekin lotuko lukeen bide bat eranstea proposatzen du Udalak besteak beste edota bertako baratzen ikusgarritasuna areagotzea. 

Proiektua abiapuntuan
Aurkezpen ekitaldiak ekarpenak biltzeko ere baliatu nahi zuen Usurbilgo Udalak. Anerreka ingurumen elkarteko ordezkariak kritiko agertu ziren udal proposamenarekin. "Atzekoz aurrera" diseinatu zela aipatu zuten. Lehentasuntzat jo zuen "errekaren egoera ekologikoa" aztertu eta bermatzea lehenbizi eta "ondoren aktuazioak planteatzea" galdegin zuten: tartean, ur zikinen isurien arazoa konpontzea. Lanketa horretan direla erantzun zioten udal gobernu taldetik, "Kalezarko puntu dezente identifikatzen eta zuzentzen ari gara. Ur zikin gutxiago isurtzen da egun". 

Une honetan Aranerrekako proiektua diseinatua du Usurbilgo Udalak. Gauzatze faseak zehaztuak ditu, baina "epeak zehazteke" dituela ohartarazi du eta "proiektu exekutiboa egiteke".