Usurbilen ere grabaturiko "Irabazi Arte!" telesaila estreinatu du ETB-k

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 14a, 08:00

Telesailaren eszena batzuk udalerri honetan grabatuak ditu. Lehen atalean, protagonistak Aranerreka inguruan paseatzen ikus daitezke.

Euskal Telebistak ostiralean estreinatu zuen haur eta gazteei zuzenduriko "Goazen" amaitu osteko euskarazko telesail berria; "Irabazi Arte!" izenekoa. Lehen atala "audientzia-buru" izan zela berri eman du ETB-k, 4-24 urte arteko gazteen artean "erabateko liderra".

Telesaila lerrootara dakarkigu, eszena batzuk iaz udalerri honetan grabatu zituztelako. Albiste honi atxikitako bideoan esaterako, Aranerreka ondoan paseatuz ikus daitezke saioko zenbait protagonista. Aurrerantzean, ostiral gauero izango da ikusgai "Irabazi Arte!", iluntzeko 21:00etan ETB 1 telebista katean.

"Irabazi Arte!" telesailak emakumezkoen futbol-talde bat hartzen du oinarri eta protagonisten bitartez gaur egun gizartean ematen diren askotariko gaiak landuko dituzte; hala nola, futbolaren inguruan eta kirolean bizi den giroa, emakumeen ahalduntzea, nerabeen eta gurasoen arteko harremanak, familia eta, oro har, gaur egungo gazteek dituzten erronkak islatuko dituzte", azaldu du Euskal Telebistak. 

Pausoka ekoiztetxeak landutako telesail berriko protagonistak Ane Garmendia, Ane Iturrate, Sua Enparantza, Nahia Sillero eta Ainhoa Azpitarte dira, besteak beste. Haiekin Joxe Ramon Soroiz edota Iker Galartza aktore ezagunak.

Telesail berri honi buruzko informazio gehiago eitb.eus atarian jaso dezakezue.