Koronabirusa

Udal instalakuntzak edukiera mugarik gabe

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 15a, 13:48

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia eta neurri murriztaile ia denak bertan behera utzi ostean, udal instalakuntzetako edukiera mugak ere ezabatzea erabaki du Usurbilgo Udalak.

Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako gobernuek musukoaren derrigorrezko erabilera gune itxietara edota ekitaldi nahiz pilaketa jendetsuetara mugatzea erabaki zuen lehenbizi. Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez, osasun larrialdia eta azken hilabeteotan indarrean izan diren neurri murriztaile gehienak (edukiera mugak, jardueren amaiera edota itxiera ordua...) ere bertan behera utziak ditu aste hasiera honetatik.

Testuinguru honetan, Usurbilgo Udalak ere udal instalakuntzetan ezarriak zituen mugak bertan behera utziko dituela iragarri du ohar bidez. "Ohiko funtzionamendua itzuliko da udal-ekipamenduetara, edukiera mugarik gabe", berri eman du. 

Hitzordurik eskatu beharrik ez Kiroldegian
Gogoan izan, prebentzio neurri gisa, Eusko Jaurlaritzak derrigorrezko arau bilakatu baino lehen, azaroa erdialdera udal instalakuntzetako edukiera %60ra murriztea erabaki zuen Usurbilgo Udalak, koronabirusaren intzidentzia gorantz nabarmen zihoala ikusirik. Araudia ordea aldatu da ordutik eta Jaurlaritzak aipatu moduan, azken aldian indarrean ziren neurri murriztaileak bertan behera uztea erabaki du. "Udal-ekipamenduetan indarrean ziren neurriak ere bertan behera geldituko dira. Nagusiki, erabakiak Kiroldegiko hitzorduei eta udal-ekipamenduen edukiera mugei eragin die". 

Gogoan izan, bai Sutegin eta Potxoenean, barruko edukiera %60ra murriztua zuen Udalak azaroaz geroztik. "Edukiera osoa baimenduko da aurrerantzean", ohartarazi du Udalak. Bestalde, Oiardo Kiroldegien hitzorduen sistema baliatu izan du Udalak edukiera mugatzeko, "hori baitzen edukiera mugak bermatzeko modu bakarra". Asteazken honetatik, otsailaren 16tik aurrera "ez da hitzordurik hartu beharko".

Udalak gogorarazi duenez, neurri bakarrak jarraituko du indarrean, udal instalakuntzetan: espazio itxiotan musukoa erabiltzen segi beharko da.

Lurraldebuseko gaueko zerbitzuak
Neurri murriztaileak etenda, Lurraldebusek asteburu gauetako autobus zerbitzuaren ohiko ordutegia berreskuratzea erabaki du. Zumaia-Donostia arteko ostiral eta larunbat gauetako garraio zerbitzuok ohiko orduetan igaroko dira beraz aurrerantzean Usurbildik eta Aginagatik, Oriorantz nahiz Donostiarantz.