Lan talde bizia du Kabiene elkarlan guneak. Hiru kide berri batu zaizkio berriki: "Teresa Baylach editorea, Ane Garcia itzulaile eta gidoilaria eta Ainara Fernandez diseinatzailea". Kabienekoek atera eta sare sozialen bidez partekatu duten ondoko irudian dituzue.
Hirurak Hasiz Hazi Kabieneren eta Usurbilgo Udalaren beka deialdiko onuradunak dira. Urtarrilaren 17an jakinarazi zuen Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarki bidez deialdi honen behin betiko ebazpena. Egitasmo honi esker, ekintzaileek haien proiektuak garatzeko urtebeteko egonaldia egiteko aukera dute Kabiene elkarlan gunean.
Beka deialdi honetara eskabideak aurkezteko bi epe finkatu zituen Udalak; maiatzaren 31ra arteko deialdira ez zen inor aurkeztu; irailaren 30era arteko bigarren tartean bai, hiru guztira eta haiek lagunduko ditu diruz Udalak eta deialdi honen sustatzaile ere baden Kabiene elkarlan guneak. Ondoko irudiko ekintzaileak. "Elkarlan gune hau, lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izango da. Dirulaguntzaren onuradunek bertan lanean ari diren kideen esperientziatik ikasi ahal izango dute eta harreman-sare indartuago batekin ekin ahal izango diote lanari", beka deialdi honen sustatzaileek nabarmentzen dutenez.