Kultur arloko udal dirulaguntzei buruzko bi bilkura gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 16a, 12:12

Kultur arloko udal dirulaguntzei buruzko xehetasunak aurkeztu, azken urteotan izan diren aldaketen berri eman eta zalantzak argitzeko bi bilkura deitu ditu Usurbilgo Udalak asteazken honetan, otsailaren 16an Potxoenean.

Usurbilgo Udalak 2019an onartu zuen 2020-22 urte arterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoari bi laguntza lerro berri eranstea onartu zuten iragan urtarrilaren 27ko udalbatzarrean; batetik, une zehatz batzuetan oinarrizko beharrak asetzeko ezintasuna duten herritarrei zuzenduriko Gizarte Zerbitzuen alorreko bat, eta bestalde, kultur sorkuntza sustatzeko herriko sortzaileei zuzenduriko laguntza lerroa. Sortzaileei zuzendurikoaz gain, sail berean kultur egitasmoak sustatzeko bada urte luzeetako beste lerro bat ere. Bi udal laguntza hauei buruzko oinarriak aurkeztu eta zalantzak argitzeko bi bilkura antolatu ditu Usurbilgo Udalak, otsailaren 16rako.  

Lerro bakoitzari lotutako bilera bana hain zuzen, Potxoenean. Usurbilgo Udaleko Kultura Sailetik azaldu dutenez, "gure helburua oinarriok azaldu eta puntu garrantzitsuenak xehetzea izango da. Bertaratzeko ahalegina egitea eskertuko genizueke, guretzat garrantzitsua baita bide honetan sor daitezkeen zalantzak elkarrekin argitzea". 

Tramitazioa telematikoki
Deitzaileek ohartarazi dutenez, "azken urteetan, dirulaguntzen legea dela eta, hainbat aldaketa egin behar izan dituzte udaleko prozeduretan, eta oraindik ere urrats batzuk egiteko ditugu". 

Aurrerantzean, "elkarteek, pertsona juridiko gisa, telematikoki eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, legeak hala ezarrita. Ondorioz, ziurtagiri digitalik ez duen elkarteak berau lortzeko tramitea egin beharko du Izenperen atarian". 

Horretarako, momentuz zehazteke duten formakuntza saio bat antolatzekoa da Udala laster. Laguntza hauetarako nahiz gainerako udal lerrootarako eskabideak aurkezteko epea otsaila amaiera aldera irekitzea aurreikusten du Udalak.


Kultur arloko dirulaguntzei buruzko deialdiak
Otsailak 16, asteazkena

18:00 Kultur egitasmoetarako dirulaguntzak.
19:00 Kultur sorkuntza sustatzeko dirulaguntzak.

Tokia: Potxoenea.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Otsaila amaieran
Udal dirulaguntza deialdietara eskabideak aurkezteko epearen irekiera aurreikuspena.