"Aktibatzen" prozesuko galdetegiak osatzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 16a, 11:05

Kirol arloko herri eragileekin Potxoenean egunotan egindako bileretako bat. Argazkia: Usurbilgo Udala.

Online nahiz paperean bete ditzakezue Usurbilgo Udalak abian jarri duen "Aktibatzen" prozesuko galdetegiak. Ostiralera arte, otsailaren 18ra arte.

Usurbilgo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikoaren inguruan hitza hartzeko aukera dugu asteotan, Udalak abian jarri duen "Aktibatzen. Jarduera fisikoa eta kirola, denon eskura" parte hartze prozesuari esker. 

Usurbilgo Udalaren esanetan, "herriko eskaintza, kirol instalazioak, kluben kudeaketa eta dirulaguntzak edo Eskola Kirola izango dira landuko dituzten gai nagusiak" egitasmo honekin. Azken asteotan bitan bilda dira jada kirol arloko herri eragileekin, astearte honetan azkenekoz. Udalak iragarri duenez, "bilera irekiak egingo ditugu martxoan, Eskola Kirolaren, kirol eskaintzaren eta instalakuntzen inguruan hitz egiteko; aurrerago jakinaraziko ditugu hitzorduon xehetasunak".

Baina hitza hartzeko aukera dugu beste modu batera, prozesu berri honetan hitza hartzeko bide ezberdinak zabaldu ditu eta Udalak. Batetik, usurbil.eus/aktibatzen atarian klikatzen baduzue zuen posta elektronikoaren helbidea adierazita ekarpenak egiteko modua duzue. Otsailaren 18ra arte bestalde, galdetegia betetzeko aukera izango da baita. Esteka honetan klikatuta hain zuzen: usurbil.eus/aktibatzen/galdetegia . Paperean eskuragarri duzue baita Sutegin, Oiardo Kiroldegian eta udal erregistroan.



Talde eragilea
Alor honetako eragileekin ere biltzen hasia da Udala. Bilera irekiak deituko dituzte martxoan eta prozesu honi begira osatu duten talde eragilearen saioak finkatu dituzte apirilean. Plan honen ildo estrategikoak definitzen lagunduko duen hausnarketarako talde eragilea osatu dute eta kideokin; Josune Iparragirre, Iban Maritxalar, Ana Errasti, Jon Mikel Azpiazu, Oidui Usabiaga eta Uxue Fernandez Lasarekin.

Prozesua kirol alorreko aholkulari Juanma Muruak dinamizatuko du. "Herritar guztiak parte hartzera animatzen ditugu. Guztion iritzia interesatzen zaigu, bai pertsona aktiboena kirolarekiko duten ikuspegia jasotzeko zein inaktiboen iritziak ere; zergatik ez diren hain aktiboak, ze oztopo aurkitzen dituzten...", Muruaren esanetan.

"Herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu"
Jarduera fisikoa eta kirola modu "zabal eta inklusibo batean garatu ahal izateko" eta erronka berriei heltzeko bideratu nahi dute hausnarketa kolektiboa; "ondo egiten dena indartu eta herri bezala ditugun hutsuneak eta gabeziak antzemateko ordua da. Kolektibo ezberdinen beharrak entzun eta ahal ditugun herritar guztiak asebeteko dituen estrategiak diseinatu behar ditugu. Gure erronka ikuspegi zabal eta inklusibo bat garatuko duen kirol politika bat diseinatzea izango da, izan jaioberri edo adinekoentzako, edozein dela ere norberaren generoa edo sexu orientazioa, non arrakala sozioekonomikoa ez den oztopo izango eta euskarazko eskaintza anitza izango dituen ardatz".

"Herritar guztiak gonbidatu nahi genituzke modu batean edo bestean prozesuan parte hartzera", adierazi zuten udal gobernu taldetik urtarrilaren 31n, "denon laguntzarekin jarduera fisikoaren eta kirolaren alorrean Usurbilen hartu nahi den norabidea finkatu nahi dugulako". Eta "kirola eta jarduera fisikoaren onurak ukaezinak" izanik urtarrilaren 31ko agerraldian gogorarazten zuten moduan, "aktiboak diren herritarrak horretan jarrai dezaten eta inaktiboak direnak aktibatzen hasi nahi dugu". Hortik, egitasmoaren leloa; "aktibatzen".

Prozesuaren egutegia
-Otsailak 7-18: galdetegia.
-Otsaila: Klubekin bilerak.
-Martxoa: bilera irekiak.
-Apirila: talde eragilearen bilerak.

Informazio gehiagorako eta ekarpenak online egiteko aukera hemen:
usurbil.eus/aktibatzen