Kiroldegiko 2022ko abonuei eta egutegiari buruzko informazioa

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 16a, 10:38

Xehetasunok partekatu ditu Usurbilgo Udalak herritarrekin, Udalberrirekin batera berriki etxez etxe banatu duen eskuorriarekin. 2022ko bazkidetza eta Kiroldegiko egutegiari buruzko informazioa hain zuzen.

Aurreko urteen ildotik, Oiardo Kiroldegiko instalakuntzak baliatzeko hiru bazkidetza mota jarri ditu herritarren eskura Usurbilgo Udalak; bat 18 urtez azpikoentzat, bestea 18 urtetik gorakoentzat, eta hirugarrena abonu "familiarra". Abonu bakoitzari buruzko prezioa ere desberdina da, iraupenaren arabera. Urte osokoak, urte erdikoak nahiz denbora tarte laburragorako bazkidetza bideratu daiteke Kiroldegian. Egun bakarrerako sarrerak ere eskura daitezke. 

Gogoan izan, bazkidetzak Oiardo Kiroldegia baliatzeko aukeraz gain, Buruntzaldea mailan, Andoain, Lasarte-Oria nahiz Urnietako instalakuntzetarako sarbidea zabaltzen duela. Hori bai, "abonuak norberaren herrian egin behar dira", ohartarazi dute. Norbera erroldatua dagoen udalerrian hain zuzen. Bazkidetza prezioak berdinak dira aipatu lau udalerriotan.

Xehetasunokin batera, 2022rako kiroldegien egutegia ere plazaratu dute Buruntzaldea mailan zerbitzu mankomunatu hau eskaintzen duten lau Udalek (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgoak). Oiardo Kiroldegia ohiko jai egunetan itxiko dute: uztailaren 2an, abuztuaren 8tik 21era, abenduaren 24an, 25ean eta 31n. Jai egunetako ordutegian zabalduko dute aldiz, goizez bakarrik alegia, martxoaren 19an, apirilaren 14tik 18ra, maiatzaren 1ean, urriaren 12an, azaroaren 1ean eta 26an eta abenduaren 3an eta 8an.

Informazio gehiagorako:
kirolak.buruntzaldea.eus
943 372 498
kirola@usurbil.eus