Aginaga eta Usurbilgo kristau elkarteak: "Kax-kax… zure iritziak axola digu"

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 16a, 13:02

Aginaga eta Usurbilgo kristau elkarteek herritarren iritzia jasotzeko kanpaina bat abiarazi dute. “Urrats bat gehiago eman nahi dugu, gauzatu nahi dugun gogoetan eta, ondorioz, hartuko ditugun erabakietan, zure iritzia, eskakizuna, kontuan hartu nahi dugu”. NOAUA!ra igorritako gutun baten bidez eman dituzte ekimen honen xehetasunak. 

"Kax-kax… zure iritziak axola digu"

Usurbildar agurgarria. Usurbilgo kristau-elkartearen izenean idazten dizugu.

Erromako Gotzain Frantziskok abiarazi duen gogoeta zabal batean hartu nahi dugu parte eta, bidez, herriko kristau-elkarteko kideok nondik nora jo beharko genukeen elkarrekin aztertu eta, hausnartu ondoren, hainbat erabaki hartu herritar orori, fededun izan ala ez, hobeto laguntzeko.

Zuetako batzuk gure planteamendu hau lekuz kanpo dagoela pentsatuko duzue, beste hainbatek gure barne arazo dela esango; baina, jakizue, guretzat, Usurbilgo kristauontzat oso garrantzitsua dela zure iritzia.

Gizarteari irekia eta gizartearekin elkarlanean diharduen elkartea izan nahi dugu, eta, horretan ahalegintzen ari gara azken hamarkadetan, bai parrokietara zerbait eskatuz hurbiltzen direnei gure zerbitzua eskainiz edo-eta bidea egiten lagunduz, baita herri mailako ekintzetan parte hartuz ere –zenbaitetan elkarte gisa, besteetan norbanako kristau konprometitu eran–.

Bide honetan urrats bat gehiago eman nahi dugu, gauzatu nahi dugun gogoetan eta, ondorioz, hartuko ditugun erabakietan, zure iritzia, eskakizuna, kontuan hartu nahi dugu. Horregatik ausartu gara lerro hauek idaztera eta ondoko galderak zuri zuzentzera:

1. Zer eskatzen diozu eliza katolikoari?

2. Zer herriko kristau-elkarteei?

3. Zer egingo zenuke herriko gainerako elkarte zein instituzioekin elkarlana indartu ahal izateko?

4. Zer indartu edo zeri ekin behar zaio pauso hauek emateko?

5. Eta, nola gauzatuko zenuke?

Utz dezakezu zure ekarpena parrokietako buzoietan edo ondoko posta elektroniko bidez helarazi: salbatoreparrokia@gmail.com

Eskerrik asko lerro hauek irakurtzeari eskaini diozun denboragatik eta zure ekarpenengatik.

Guztion arteko eliza denontzat:

 

Agiñako Asisko San Frantzisko eta Salbatore parrokietako kristau elkarteetako kideak