"Alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz". Hortxe, "lan eta bizi euskaraz" aldarria xede duen Bai Euskarari Elkartearen egitekoa. 2007an sortu zen izen bera duen ziurtagiria kudeatzeko. "Ehunka enpresa, saltoki eta era guztietako hainbat entitatek euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen du Bai Euskarari Ziurtagiriak. Horrela bada, entitate baten hizkuntza-egoera zein den ziurtatzen du". Usurbilen hainbat entitate edota lantegiek eskuratua dute ziurtagiria; baieuskarari.eus atariko mapan kontsultatu daiteke zeintzuk diren "ziurtagiridunak".
Ziurtagiriak hiru maila bereizten ditu. Lehenengoa, zerbitzua eta lana euskaraz egiten dutenei zuzendua dago. Bigarrena, zerbitzua euskaraz eskaintzen dutenei eta hirugarrena euskalduntze bidean direnei.
"Balio erantsia ematen digu"
"Ziurtagiria lortzeko hamaika arrazoi" daudela argudiatuta, ziurtagiria eskuratzeko kanpaina berria abiarazi du Bai Euskarari elkarteak. Ziurtagiria dutenengana jo dute. Lekukotza horien artean, Gasteizen bizi den usurbildar batena jaso dute, Maite Agirresaroberena. Arabako hiriburuko Artis Kreativa eskulan-dendan ari da lanean. Eta ziurtagiria eskuratzeko arrazoi bat baino gehiago badela adierazi du bideo bidez. "Balio erantsia ematen digu. Dendan eta tailerrean lehen hitza euskaraz egiten dugu eta gero bezeroak euskaraz jarraitzen du". Ondoko irudian duzue Agirresarobe, iaz Gasteizko erakusleihoen lehiaketan euskara sustatzeagatik saritu berritan.
Informazio gehiago, baieuskarari.eus atarian jaso daiteke.