Herritarrak sagardogintzaz, ETB-ren "Biba Zuek" saioan

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 16a, 08:39

Denetariko gaiak hizpide dituzten lekukotza ezberdinei eskaintzen dieten eguneroko tartean, Urdaira sagardotegiko Ane Azkonobieta eta Saizarko Esteban Lertxundi izan ditu azken egunotako gonbidatuen artean Euskal Telebistaren "Biba Zuek" saioak.

Bi urteren ostean, sagardotegietan txotxetik edateko aukera izango da aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak osasun krisialdiagatik indarrean ziren neurri murriztaileak bertan behera utzi ostean. Testuinguru aldaketa honetan sagardogintzaz aritzeko bi herritar gonbidatu ditu ETB-ren "Biba Zuek" saioak aste hasiera honetan; Urdaira sagardotegiko Ane Azkonobieta eta Saizar sagardotegiko Esteban Lertxundi. 

Txotxak zabalik dituzte berriz, bi urte geroago. Eta ETB-ren bi gonbidatuak pozarren agertu dira horregatik. "Festa, alaitasuna" baita Azkonobietaren esanetan. 2020an "txotx denboraldi erdian itxi genuen". Iaz mahaian eserita dastatu behar izan zen sagardoa. Aurten "jendea jarrera desberdin batekin etorri da. Halere gogoa zuten denek". Bi urteotan "bodegak hutsak" izateak tristura eragiten zuela aipatu du baita Lertxundik "Biba Zuek" saioan, "beti jendearekin ohituta" egon ostean.

"Sagardoa, bizimodua, etxea da"
Dastagai ditugun sagardoez ere mintzatu ziren bi elkarrizketatuak. "Bertako sagarrarekin asko dago beteta bodega, kolorez eta gorputzez ondo", Lertxundiren esanetan.

Sagardotegion jatorriaz ere aritu dira hizketan ETB-ren saioan. Biak ala biak sagardotegian bilakaturiko baserriak ziren. Eta sagardogintzari lotutako bizimoduan murgilduak daude erabat. "Sagardoa, bizimodua, etxea da", Azkonobietak azaldu duenez. "Nire etxeko bizitza horri lotua dago". Lertxundik ere berrogei urtetik gora darama sektorean lanean. Urdairan bezala gurasoek irekitako bideari jarraipena ematen. "Beti sagar eta sagardo tartean". 

Sagardo berria dastatzeko eremuan bizi dutena azaldu diote biek "Biba Zuek" saioko lan taldeari. Albiste honi atxikitako bi bideoetan dituzue Ane Azkonobietaren eta Esteban Lertxundiren adierazpenak.